Zure aurpegia Titanic filmean edo Game of Thrones telesail arrakastatsuan ateratzea nahiko zenuke? Bada, orain, inteligentzia artifizialaren deepfake teknikaren bidez egin dezakezu, hain zuzen, Txinan garatutako ZAO izeneko aplikazioa erabiliz. Asian sekulako arrakasta izaten ari da.

Inteligentzia artifizialaren teknika baliatuta eta zure argazkia erantsita, emaitza ikusgarriak lortzen ditu tresnak. Baina adituen aburuz, arazorik handiena, berriro ere, ZAOren erabilerak dakartzan pribatutasunaren kontrako arriskuak dira.

Momo enpresak garatu du aplikazioa, eta iragan ostiralean merkaturatu zuen iOS sisteman erabiltzeko, Tantan, Txinako Tinder-ean harrera oso ona izan ondoren. Tresna horren bidez zure aurpegia film edo telesail batean sartzeko aukera duzu, selfie sinple bat egin eta gero.

Hala, 10 segundotan Hollywoodeko izan bihur zaitezke. ZAO, gainera, bideoklip eta bideo-jolasetan ere erabil daiteke.

Aplikazio horrek baina, pribatutasunaren gaia jarri du zalantzan behin ere. RADII Txinako kultur hedabidearen arabera, aplikazioaren klausuletako batek zehazten du plataforma horren bidez sortutako irudiak garatzaileak erabil ditzakeela modu librean eta ezer ordaindu gabe. Hartara, deepfake horiek sortzeko erabiltzen diren irudiak garatzailearen eskuetan gelditzen dira. Ondorioz, WeChat sare soziala, esaterako, ZAOren bidez egindako bideoak blokeatzen ari da.

ZAOk bere aldetik adierazi du erabiltzailearen irudiak ez direla erabiliko bere baimenik gabe. Horretaz gainera jakinarazi du aplikazioaren erabiltzailea izateari uzten diozunean, irudi guztiak plataformaren data-basetik ezabatzen direla.

Auskalo nola amaitzen den afera, baina oraingoz Txinan soilik erabili daitekeen aplikazioa sekulako ikusmina sortzen ari da.

zao