Tinder eta antzeko aplikazioetan sartzen diren profil asko ez dira benetakoak. Halaxe jasotzen da Arizonako Unibertsitateak egindako azterlan batean: Tinder aztertu du, jendea ezagutzeko munduan gehien erabiltzen den aplikazioa, zeinak 50 milioi profil baino gehiago dituen. Txosten horren arabera, aplikazio horretan sortutako kontuen %23,4 robotak dira.

Horrek aplikazioaren azken helburua lortzea oztopatzen du; alegia, jendearekin kontaktatzea. Aplikazio askok iragarri dute praktika hori geldiaraztea lortzen dutela eta norbanako zehatzei ez dagozkien kontuak ezabatzen dituztela, baina zibergaizkileek gero eta teknika garbiagoak erabiltzen dituzte erabiltzaileak engainatzeko eta beren datu pertsonalak eskuratzeko edo dirua lapurtzeko.

Tinderren erabiltzaileek, batez beste, minutu asko pasatzen dituzte aplikazioan, hain justu, 77 minutu. Egunean ordubete baino gehiago jendea ezagutzeko… eta zergatik kostatzen da hainbeste benetako pertsonekin harremana hastea? Galdera horri erantzuteko, Arizonako Unibertsitatearen ikerlanak funtsezko informazioa biltzen du.

Azterketa egiteko, Arizonako Unibertsitateko garatzaileek gizonezko hiru kontu eta emakumezko hiru kontu sortu zituzten Tinderren, zibergaizkileentzat “tranpak” baino ez zirenak.

Haiekin proba batzuk egiten aritu ziren. Hala, gizakiak bakarrik interpreta zitzakeen mezuak bidali zituzten garatzaileek. Adibidez, erabiltzaile bati hirugarren argazki batean agertzen den objektu jakin bati buruz galderaren bat egiten bazaio, agian robotak ez du jakingo argazkiaren edukia zein den, eta ez du erantzungo edo ez du erantzun osatu bat emango.

Hala ere, robot horiek testu-galdera errazagoei erantzuteko gai dira: “Zer moduz zaude” edo “Nongoa zara” esaten zaienean, ez dute arazorik izango erantzun egokia emateko. Testu-mailako gai konplexuagoekin ere ez dute arazorik izaten. Baina bestelako elkarrizketak zailagoak dira robotentzat; esaterako, solaskidea benetakoa den edo ez zalantzak izanez gero, hasi elkarrizketa telefono-zenbaki batekin. Horrek makina nahastuko du: telefonoa markatzen hasiko da edo Skype bidez elkarrizketa bat abiatzen saiatuko da.

Beste aukera bat da solasaldia batuketa edo kenketa batekin hastea, robotak ez baitaude horrelako eragiketetarako prestatuta. Era berean, gaurkotasuneko gaiei buruzko galderak ere egin dakizkieke. Nork irabaziko ditu gaurko hauteskundeak? Zer iruditzen zaizu hautagai horrek egin duen hitzaldia? Nola du izena zure futbol taldearen estadioak?

Tinderren erabiltzaile bat benetakoa den ala ez jakiteko bide batzuk baino ez dira. Haatik, zalantzak bere horretan jarraitzen badu, egokiena da “pertsona” hori baztertzea.

tinder