Salaketaren arabera, enpresak engainatu egiten ditu kontsumitzaileak, eta pribatutasun-sentsazio faltsua eman die
Kalifornian, 5.000 milioi dolarreko (4.600 milioi euro baino gehixeago) eskaera kolektibo bati egin behar dio aurre Googlek, baldin eta frogatzen bada Telefono bidezko Intertzeptazioaren Lege Federala (Federal Wiretap Act) hautsi duela. Erabiltzaileen arabera, Interneten egiten zutenari buruzko informazioa jasotzen jarraitu du Googlek beren baimenik gabe, modu ezezagun edo pribatuan nabigatu arren.
Demandaren arabera, Googlek kontsumitzaileen nabigazio-historia arakatu eta jasotzen du, baita erabiltzaileek pribatutasuna babesteko neurriak hartzen badituzte ere. Demandatzaileek diotenez, konpainiak Estatuaren lege bat ere urratu du, datuak biltzeko aldeen adostasuna behar duena.
Demandan biltzen denez, erabiltzaile batek nabigazio pribatua aukeratzen duenean, enpresak beste segimendu-tresna batzuk erabiltzen ditu informazioa jasotzeko, eta gero editoreei eta iragarleei emateko, erabiltzaileek bisitatzen dituzten web guneak kontrolatzeko. “Googlek kontsumitzaileen nabigazio-historiala eta web orriko beste jarduera-datu batzuk arakatu eta biltzen ditu, kontsumitzaileek beren datuen pribatutasuna babesteko hartzen dituzten babes-neurriak alde batera utzita”, jasotzen da demandan.
Enpresak ostera, hauxe iragarri du: “Chromeko modu ezezagunak aukera ematen die erabiltzaileei Interneten nabigatzeko beren jarduera nabigatzailean edo dispositiboan gorde gabe. Hala adierazten dugu argi eta garbi ezezagun-fitxa berri bat irekitzen den bakoitzean: web guneek zure nabigazio-jarduerari buruzko informazioa jaso dezakete saioan”.
Googlek oraintsu, antzeko beste demanda batzuk jaso ditu, datuak biltzeko modua tarteko. Oraingo honetan, funtsezkoa da eskatzaileek Telefono bidezko Intertzepzioaren Lege Federala aipatu eta erabili dutela, eta lege horrek erabiltzaileei eskubidea ematen die beren komunikazio pribatuak atzemanez gero, demandatu ahal izateko.
Zertarako balio du modu ezezagunean nabigatzeak?
Interneten inolako arrastorik utzi gabe nabigatzea ia ezinezkoa da egungo bilatzaile tradizionalak direla eta. Funtzio horrek, gainera, ez du inondik inora anonimatua bermatzen, Googlek eta Mozillak, saio pribatu batean, erabiltzaileari bilaketak egiteko aukera eskaintzen dioten arren. Zer esan nahi du zehazki modu ezezagunean nabigatzeak?
Erabiltzaile batek modu ezezagunean nabigatzen duenean, nabigatzaileak bi modutan babesten du. Alde batetik, nabigazio-historian ez da gordetzen bisitatzen dituen webguneei buruzko informazioa. Hartara, ekipora sarbidea duten beste erabiltzaile batzuek ezin dute ikusi zer webgune bisitatu dituen. Bestetik, nabigatzaileak ez ditu erabiltzen erabiltzaileak lehendik gordeta dituen cookieak: Web-orriek gure nabigatzaileetan gordetzen dituzten informazio-elementu txikiak dira cookieak, eta aldez aurretik zer egin dugun gogoratzeko aukera eskaintzen dute: zer dugun gure erosketa-gurditxoan, nor garen Instagramen edo plataforma jakin batean ikusten ari garen telesaileko zein kapitulutan gelditu garen. Publizitate gidatua eskaintzeko edo gure portaera aztertzeko ere erabiltzen dira.