Gipuzkoako Foru Aldundiak aplikazio mugikor bat egingo du, erabiltzaileek lurraldeko hondartzen okupazio-maila ezagutu dezaten unean-unean. Aplikazioak egoeraren berri emango du koloreen bidez, aurrez ezarritako parametroen arabera. Azti ikerketa zentroaren laguntzaz, bideometria bidezko kontrol sistema bat jarriko dute martxan ekainaren 18an hondartza denboraldia hasi aurretik.

Aplikazioa 15 minuturo eguneratuko da, eta hondartzen okupazioari buruzko datuak eskainiko ditu; halaber, egoerari buruz ohartaraziko du, kasu bakoitzean ezartzen diren dentsitate-atalaseen arabera.

Horrekin batera, mapa interaktibo bat izango du, hainbat koloretako ikonoekin, hondartzetako okupazioa adierazteko. Alerta-sistema bat ere izango du udalentzat, eta aurrez jakinaraziko ditu edukierak, marea-igoerak eta erabilera-baldintzen aldaketak.

Azkenik, ekainaren 18tik aurrera, hau da, Gipuzkoan uztailaren 1ean egingo den hondartzen denboraldia hasi aurretik, bideometria bidezko edukiera kontrolatzeko sistema bat abiatuko da Azti ikerketa-zentroarekin elkarlanean.

Kontzientziazio kanpaina bat ere hasi nahi du aldundiak, ekainerako eta uztailerako, hondartzetan egoteko baldintzen berri emateko asmoz. Besteak beste, gehienez bi ordu egoteko muga, eta segurtasun eta higiene neurriak errespetatzeko beharra azpimarratu dituzte. Horrek bat egiten du Eusko Jaurlaritzatik azken egunetan eginiko adierazpenekin: hondartzen erabilera «dinamikoa» sustatu nahi du, hots, hondartzak bainatzeko, paseatzeko eta kirola egiteko erabiltzea, eta ez etzanda edo geldirik denbora luzez egoteko.