Aurpegi-ezagutzako sistemak gero eta gehiago zabaltzen ari dira gure egunerokotasunean, hainbat gauzetarako erabiltzen baitira, mugikorrak desblokeatzeko, kutxazainetan dirua ateratzeko, aireportuetan kontrolak egiteko edo susmagarriak identifikatzeko ekitaldi jendetsuetan, besteak beste. Bada, horietako erabilera batzuek eskubide zibilen aldeko erakundeak oldartu dituzte. Finean, merezi du pribatutasun zati bat galtzea segurtasun handiago baten alde?

Gai gatazkatsu horren harira, iragan astean jakin dugu AEBetako San Frantzisko hiriko Udalak aurpegi-ezagutzako teknologia debekatu duela. Sistema horiek debekatu dituen AEBetako lehen hiria da, baina  beste hiri batzuk gaia aztertzen ari dira, tartean, Kaliforniako Oakland eta Berkeley eta Massachusetts estatuko Somerville.

San Frantzisko hiriko Publikoaren Babeserako Bulegoak jakinarazi duenez, aurpegi-ezagutzako programak erabiltzea “astakeria hutsa” da, larruazal iluna duten pertsonak identifikatzerakoan sarri erratzen baita. Hori dela eta, bulego horretako ordezkariak pozik agertu dira Udalak hartutako erabakiarekin. “Ez dugu gure mugimenduak jarraituko dituen estatu edo hiri polizia bat nahi, ekitaldi politikoa jakin batzuetan parte hartu dugun ikusi ahalko duena, eta horren ondorioz espetxeratu”. Egoera horren aurrean, Udalak pribatutasunerako eskubidea eta gutxi batzuen babesa lehenetsi ditu.

Horren harira, Georgetowneko Pribatutasun eta Teknologiako Zentroak burututako ikerlan baten arabera, hainbat departamentuk erabiltzen duten aurpegi-ezagutzako sistemek errore-marjina handia erakusten dute afroamerikarrak identifikatzerakoan. Horretaz gainera, teknologia hori ez dago arautua, beraz, ez du ez tokiko gobernuen edo Gobernu Federalaren kontrolik jasaten. Ondorioz, polizia departamendu bakoitzak nahieran erabil dezake.

Teknologia horren hedapena izugarria da, eta kontsumitzaileengan ere eragiten du. Munduko milaka saltokik tresna hori erabiltzen dute bezeroek produktu jakin batzuen aurrean dituzten emozioak ikertzeko edo ustezko lapurrak identifikatzeko.

Apple, Facebook, Google edo Amazon konpainiak ere teknologia hau txertatzen ari dira haien dispositibo berrietan; esaterako, Disney Research-ek neurona-sare bat garatu du, zeinak teknologia biometrikoaren lana egiten duen, ikus-entzule zinematografikoen emozio-erreakzioak ikertzeko asmoz.

Sistemok, baina, ez dira batere seguruak, horren erakusle Forbes argitalpeneko zibersegurtasunean aditu den Thomas Brewster kazetariak egindako esperimentua: 3D-n inprimatutako aurpegi bat erabili zuen merkatuko aurpegi-ezagutzako sistema gehienak desblokeatzeko.