Metro-Goldwyn-Mayer ekoizpen etxea ospetsuak Hollywoodeko “urrezko garaian” estreinatutako hamaika filma antzeztu zituen Hedy Lamarrek, besteak beste, Clark Gable, Jimmy Stewart eta Spencer Tracy aktoreekin batera. Filmok 1930eko eta 1940ko hamarkadetan filmatu ziren. Horretaz gainera, emakume ederra zen, eta bere aurpegia inspirazio izan zen Edurnezuri eta Catwoman pertsonaiak diseinatzeko.

Lamarrek, halaber, buru oso argia zuen, emakume azkarra zen, bai eta asmatzaile autodidakta ere, eta bere asmakizun batzuk ezinbestekoak izan ziren hainbat teknologia garatzeko, tartean, Bluetootha, WiFia edo GPSa.

Austrian jaioa, ez zuen hezkuntza formalik jaso, eta oso gazte erabaki zuen aktore izango zela. 18 urterekin hasi zen filmetan parte hartzen; adin horrekin antzeztu zuen , hain justu, bere lehen filma, Txekiako Ecstasy filma: lan erotikoa zen eta biluzik agertu zen.

Gero, 30 urte zaharragoa zen Fritz Mandl arma fabrikatzaile austriarraren ezkondu zen; Alemaniako eta Italiako erregimen faxistetan sekulako salmentak lortu zituen. Enpresariak bere mende izan nahi zuen Lamarr, baina aktorea nortasun handiko emakumea izaki, ihes egin zuen Londresera. Mandl, gainera, Hirtler eta Mussolininiren laguna zen, eta aktoreak zituen bi diktadoreak gustuko. Ingalaterrako hiriburuan Louis B. Mayer zine ekoizle estatubatuar boteretsua ezagutu zuen, eta harekin kontratua ere sinatu zuen. Ondorioz, AEBetara iritsi eta abizena aldatu zuen. Algiers izan zen AEBetan filmatu zuen estreinako lana. Hartara, Hollywoodeko izar dirdiratsuenetako bat bihurtu zen.

Bigarren Mundu Gerrarekin batera, ingeniaritzarekiko interesa berpiztu zitzaion, Lamarrek matematikako eta fisikako problema konplexuak ebazteko berezko sena baitzuen; esaterako, berak iradoki zion bere lagun eta amorante Howard Hughesi hegazkinen hegalen diseinua aldatzea bihurguneak eta forma aerodinamikoagoak gehituz.

Trafiko seinale berriak edo ura freskagarri bihurtzeko pilulak izan ziren aktoreak diseinatutako bestelako asmakizunak. Baina Lamarren  asmakizun garrantzitsuena hauxe izan zen: frekuentzia jauzien bidez irrati-transmisioa, torpedoen kontrol-seinalea interferitua izan ez dadin. Bere auzokide George Antheil musika konpositorearekin solasean bururatu zitzaion sistema hori sortzea. 1942an sistemaren patentea jaso zuen, eta gerora, AEBetako armadari laga zion patentea hori.

Hala, interferentziak ekiditeko frekuentzia aldakorrak erabiltzeko aukera funtsezkoa izan da egun erabiltzen ditugun hamaika teknologia garatzeko, tartean, Bluetooth eta WiFi konexioetan, gertu dituzten beste dispositibo batzuk eragiten dituzten interferentziak saihesteko teknika hori erabiltzen baitute.

1997an Electronic Frontier Foundation erakundeak Lamarrekm egindako lanaren garrantzia aitortu zuen.

hedy