Bartzelonako Euskal Etxeak ondutako ZinemaldiaCat Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiaren 14. edizioa gaur hasiko da, Telmo Esnalek filmatutako Dantza filmaren emanaldiarekin, Cinemes Girona zinema aretoetan, 20:00etatik aurrera. Ikus-entzunezko proposamen hori Etxepare Euskal Institutuarekin eta Azkue Fundazioarekin lankidetzan burutzen da.
Dantza filmak dantza tradizionalen unibertso hipnotikoa irudikatzen du. Telmo Esnalek zuzenduta, Txintxua Filmsek ekoitzita, eta Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi eta Zaragozan grabaturiko filma, iragan abenduaren 21ean estreinatu zen, Bteam Pictures-en eskutik. Orain arte 42.000 ikusle bildu ditu; esaterako, Gasteizko Florida aretoetan 11 astez izan da jarraian. Egun, DVD euskarrian eta plataforma digitaletan ere ikus daiteke.
“Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa”.
250 dantzari baino gehiagok parte hartu dute filmean. Koldobika Jauregi artistak zuzendu du bertan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala, eta Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folkloristak izan du koreografiak koordinatzeko eta ikuskatzeko eginkizuna.
Gainerako proposamenak
Ostiralean, martxoak 15, lehenengo dokumentala pantailaratuko dute, Oier Aranzabalen Margolaria, zeina Mikel Urdangarin musikariaren eta Alain Urrutia pintorearen arteko Skype bidezko elkarrizketa batetik abiatzen den. Egun horretan, halaber, Koldo Almandozek filmatutako Oreina fikziozko lana ere aurkeztuko dute.
Martxoaren 16an, bi dokumental ikusteko parada izango da: Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen. Amaitzeko, martxoaren 17an, Kimuak programan 2018an bildutako film laburrak aurkeztuko dituzte. Emanaldietan filmen egileek parte hartuko dute.