Steven Spielberg , Quentin Tarantino eta Christopher Nolan zinegileak edo Tom Cruise aktorea kexaka ari dira telebistak fabrikatzen dituzten konpainia handiek haien film eta telesailak hondatzen ari baitira.

Telebista modernoek, hain justu, irudia leuntzeko sistemak erabiltzen dituzte, filmen kalterako, pelikula horien jatorrizko irudian eragiten baitute. Hala, 4K, HDR, OLED edo bestelako telebista batean film ezagun bat jarriz gero, ikusleak zerbait arraroa suma dezake irudian, eta batez ere irudien abiaduran.

Litekeena da ikuslearen begiek “telenobela efektua” edo ingelesez “soap opera effect” antzematea; izen hori hartzen du telenobeletan aktoreak azkar mugitzen direlako. Hartara, eta efektu horren ondorioz, telebistako irudia bizkorrago gertatzen da, aktoreek mugimendu bitxiak egiten dituzte eta kamera ekorketak lausotu egiten dira.

Egoera horren aurrean, Hollywoodeko estudioek osatutako UHD Alliance erakundeak, zine munduko ordezkari garrantzitsuak eta enpresa teknologiko handiak, tartean, LG, Panasonic edo Vizio, konponbidea bat bilatzen hasi dira: “Filmmaker Mode” edo “zine zuzendari aukera”. Christopher Nolan zinegilearen aburuz, aukera horrek ahalbidetuko du “fotogramen abiadura, kolorea eta kontrastea errespetatzea, telebistek arazorik gabe emititu dezaten”. Egia da erabiltzaile guztiek ez dutela arazo hori detektatzen, baina aukera berri horren bidez, anomalia hori desagertu egingo da.

“Telenobela efektua”

Sony-k “MotionFlow” izendatzen du, Samsung-ek “Auto Motion Plus” eta LG-k “Trumotion”, baina hirurak efektu berdinaz ari dira, hots , irudien interpolazioaz. Duela 20 urte telenobela merkeetan erabilitako kalitate baxuko bideo-kamerek eragindako efektua izan zen interpolazioa, eta egun, telebista aurreratuenek ere sortzen dute, frame gehiago erreproduzitzen dituztelako segundoko. Finean, gure etxeetan dauden supertelebistek film eta telesail ezagunenetan erabilitako abiadura gainditzen dute.

erase-una-vez-hollywood