Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen eta UEUk Humanitate Digitalak ikertzeko bi beka iragarri zituzten, baina jasotako proposamenen “kalitatea ikusita”, azkenik hiru gai aukeratu dituzte, zeintzuk 2020an garatuko diren beka bidez.
Udan, UEUk Humanitate Digitalen inguruko jardunaldiak ondu zituen, eta jardunaldi horietan sortu zen, hain justu, ekimen hau ahalbidetu duen elkarlana.
Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arabera, “Humanitate digitalak konputazioa eta teknologia digitalak eta gizarte-zientziak batzen dituen esparru akademiko bat da. Gizarte Zientzietan baliabide digitalen erabilera sistematikoa eta euren aplikazioaren inguruko ondorioak aztertzen ditu”.
Hauexek dira landuko diren hiru gai horiek: Linked Data hiztegigintza historikoan: Larramendi eta Autoridades; Euskarazko sareko edukietan oinarrituta entitateak eta hauen inguruko informazioaren erauzketa Wikidata elikatzeko; eta, azkenik, Esplorazio ikerketa sareko euskarazko ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen sortze prozesurako.
Linked Data hiztegigintza historikoan: Larramendi eta Autoridades egitasmoaren helburua da “ Larramendiren Hiztegi Hirukoitza (1745) eta eredu izan zuen Real Academia Españolaren Diccionario de Autoridades (1726-1739) hiztegien edukietatik abiatuta digitalizazio lan-fluxu integrala garatzea”.
Bigarrenik, Euskarazko sareko edukietan oinarrituta entitateak eta hauen inguruko informazioaren erauzketa Wikidata elikatzeko proiektua sarean euskaraz dauden edukien inguruan ardazten da. “Euskarazko komunikabide garrantzitsuenetan zein Twitterren aurkitu daitekeen euskarazko edukia jaso eta bertatik informazio baliagarria erauztea izango da lan honen helburua”.
Amaitzeko, Esplorazio ikerketa sareko euskarazko ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen sortze prozesurako proiektuak berriz, ikus-entzunezko eduki pedagogikoetan espezializatutako atari digital bihurtzea du xede.