Konfinamenduaren ondorioz, etxera bidalitako produktuen eskaerak nabarmen egin du gora. Batzuetan, gainera, ez dago beste aukerarik produktu horiek erosteko. Bada, zibergaizkileak horretaz jabetu dira, eta, ustez eskaeren jarraipena egiteko diren mezu elektronikoak bidaltzen ari dira, erabiltzaileak esteka batean klik egin edo fitxategi arriskutsuak bat deskarga dezan.
Etxean jasotzen diren produktuen eskaera asko handitu denez, entrega-epeak ere nabarmen luzatzen ari dira. Hori dela eta, bezeroak eskaeraren eguneratzearekin lotutako barkamen-mezuak jasotzen hasi dira.
Egoera horretan, hau da iruzurgileek abiatzen duten ohiko trikimailuetako bat: bidean datorren pakete bat jasotzeko, hartzaileari eskatzen zaio fitxategi erantsi batean datorren informazioa irakurtzea edo berrestea. Artxibo hori balizko biltegi baten helbidea izan daiteke, non ordainagiria, jarraipen zenbakia edo bidalketa egiteko beharrezko agiriak jasoko diren. Kasu horietan guztietan, ordea, fitxategi maltzur edo arriskutsu bat deskargatuko da.
Egoeraz baliatzen den antzeko beste eraso mota bat phishing-a da. Kasu horretan, gaizkileek mezularitza-zerbitzuen webguneak imitatzen dituzte, erabiltzaileek bankuko datuak edo kredentzialak sar ditzan.
Iruzur ahalegin horien edo antzekoen aurrean zer egin dezake erabiltzaileak?
Bidalketa-enpresaren helbidea zehatz-mehatz egiaztatu behar da: mezua doako posta elektroniko batetik badator edo postontziaren izenean zentzurik gabeko karaktere-multzo bat agertzen bada, litekeena da faltsua izatea. Hala ere, helbide horiek faltsutu daitezke.
Beste trikimailu bat testuari eta haren formatuari arreta jartzea da: ganorazko enpresa batek ez luke inoiz gaizki idatzitako mezu elektronikorik bidaliko. Beraz, ortografia akatsik ikusiz gero, adi!
Halaber, garraio-zerbitzuetatik jasotzen diren mezuetan atxikitako artxiborik balego, ez ireki, batez ere bidaltzailea horretan tematzen bada. Beste aukera bat da enpresaren helbidea eskuz sartzea nabigatzailean (ez genuke inoiz estekarik jarraitu behar posta susmagarri batean), eta webgunean, paketearen jarraipen-zenbakia sartzea. Esteka batean klik egitera animatzen duen mezu elektroniko bat jasotzen bada, gauza bera, kasurik ez.
Azkenik, mezuak koronabirusa zuzenean aipatzen badu, adi ibili: Zibergaizkileek gaur egungo gaiak ustiatzen dituzte erabiltzailearen arreta erakartzeko; hortaz, tentuz irakurri mezuak, ez ibili presaka.