Tik Tok iraupen laburreko bideoen aplikazio ezagunak 3.000 milioi instalazio baino gehiago izatea lortu du, eta hori lortzen duen lehena izan da joko bat edo Facebooken jabetzako aplikazio bat izan gabe, aurretik Facebook, WhatsApp, Facebook Messenger eta Instagram-ek bakarrik gainditu baitute marka hori.
Sensor Tower analisi-enpresak egindako azterketa batek eman ditu datuok. TikTokek 18 hilabete daramatza mundu osoan gehien deskargatzen den aplikazioa izaten, bideojokoen aplikazioak kontuan hartu gabe, eta inork baino azkarrago lortu du marka hori.
2021ean, 383 milioi erabiltzailek baino gehiagok instalatu dute lehen aldiz TikTok. Kopuru hori nabarmen jaitsi den arren, 2020ko lehen erdian 619 milioi instalazio izan baitzituen; hazkunde handia izaten jarraitzen du. Gainera, %38ko beherakada horren arrazoietako bat aplikazio hori Indiako merkatutik kendu izana da, munduko handienetakoa baita.
Nahiz eta 2021eko lehen hiruhilekoan Indiako merkaturik gabe jardun, TikToken deskargek %2 egin dute gora, eta 177 milioira iritsi dira; bigarren hiruhilekoan, berriz, %16 igo da deskargen kopurua, eta 205 milioira iritsi da.
Iraupen laburreko bideoen biraltasunak lagunduta, sare sozialak berrikuntzak gehitu ditu azken hilabeteetan. Gainera, edukien iraupena hiru minutura luzatzea aztertzen ari da.
Bestalde, plataformari erabilera berria eman dioten joera berriak agertzen ari dira. Adibidez, duela aste batzuk irakurzaletasuna sustatzeko agertu diren influencer gazteak: #BookTok etiketaren bidez irakurketak partekatzen dituzte.