YouTubek 1.000 harpidedun baino gehiago zituzten kanalen administratzaileei soilik ematen zien komunitaterako postak argitaratzeko aukera. Hala ere, enpresak iragarri du aurtengo urriaren 12tik aurrera baldintza hori murriztuko duela 500 harpidedun baino gehiago dituzten kanal guztiek funtzionaltasun hori izan dezaten.

YouTuben beste edozein sare sozial balitz bezala egin daitezkeen argitalpenak besterik ez dira Komunitate-argitalpenak. Hala, YouTubeko kanal bateko administratzaileek, bideo berriak entzuleekin partekatzeaz gain, beste argitalpen batzuk ere egin ditzakete, hainbat eduki-motarekin; esaterako, inkesta bat bidal diezaiekete harpidedunei, irudi bat partekatu edo  GIF fitxategi bat plazaratu.

Ez da orain arte asko erabili den funtzioa. Kanal asko ez ziren iristen harpidedun-kopuru horretara, eta egia da, halaber, administratzaile askok ez zekitela existitzen zela.

“Post” horiek argitaratzeko gutxieneko baldintza jaitsiz, YouTube haien erabilera sustatzen ari da. Gainera, konpainiak jakinarazi du lanean ari direla kanalen jabe guztiek etorkizunean argitalpenak egin ditzaten, gutxieneko harpidedunik gabe.

you_post

Hala, YouTubek iragarri du urriaren 12tik aurrera 500 harpidedun baino gehiago dituztenentzat prestatuko duela funtzioa; astebete igaro daiteke kanala 500 harpidedunetara iristen denetik funtzioa automatikoki martxan izan arte.