Bizkaiko Foru Aldundiko foru entitate Azkue Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia Elkarteak elkarlanean onduta, Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren bederatzigarren edizioa egingo da azaroaren 7an, La Perrera espazioan, Bilbon, 09:45etik 20:00etara.

Ekimena gaur aurkeztu da Euskararen Etxean, eta bertan hauexek parte hartu dute:

  • Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia
  • Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritza
  • Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria
  • Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kidea

Lau hitzaldi eta mahai ingurua eskainiko dira euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. Itzulpengintza eta euskara edukiko dira ardatz, beste behin, Jokotekniarentzat horren garrantzitsuak izanik; bideojokoen musika eta soinu bandak sortzeko prozesuan ere murgilduko da; gainera, marrazkilaritza eta arte kontzeptualak landuko dira; amaitzeko, bideojokoen munduko langileen borrokan barneratuko da Jokoteknia, azken urteotako egoera gogorrari helduta.

Aurtengo berritasun handia Euskal bideojokoen 1. azoka izango da, ordea. Euskal Herriko bideojoko estudioak eta sortzaileak elkartuko dira, lehenengoz, beren lanak ezagutzera emateko balioko duen erakustaretoa osatzeko. Hamasei erakusmahai egongo dira, Euskal Herrian edo euskaraz garatutako tituluak probatzeko aukera eskainita. Aldi berean, bideojokoen munduaren orbitan aurkitzen diren esparruetako eta zaletasunetako euskal sortzaileek ere parte hartuko dute azokan; esaterako, Euskal Manganime Komunitatea euskarazko mangak eta animeak aurkezten egongo dira, eta Rolariak Elkartea euskarazko rol partidak antolatuko dituzte.

Bukatzeko, azokaren baitan, Gamer Gela ekimena prestatuko du Game Erauntsiak. Euskarazko bideojokoen erakusleihoak azokara hurreratu ezinik geratu diren obrak aditzera emateko balioko du, garatzaileek ofizialki eskainitako tituluak nahiz zaleek edo Game Erauntsiak lokalizatutako bideojokoak probatzeko aukera bideratuta.

La Perrera espaziora hurbildu ezinik geratzen direnentzat, gainera, jardunaldia zuzeneko streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiko da EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.