- Sareetan (TikTok eta Instagram) euskarazko edukia sortzea da lehiaketaren helburu nagusia.
- 14 urtetik gorako eduki-sortzaileei edo horretan hasi nahi dutenei zuzenduta dago.
- Janire Atxurra (@janiatxu), Andoni Etxezarreta (@_ibilimunduan), Luma Otaño (@luma.ov) eta Julen Unanuek (@unaanuue) gidatuko dute aurtengo edizioa.
- “BZ Sarea” kategoria berrian, parte-hartzaileek beren lehen kontratu profesionala irabazteko aukera izango dute.
Gaurtik hasita. Martxoak 23, eta apirilaren 17ra arte, sareak euskaraz bustitzeko helburuarekin dator berriz ere Bziber, bere 9. edizioan. Azkue Fundazioak gazteak eta sareak euskaraz ehuntzeko helburuarekin antolatutako TikTok sareko lehiaketa da Bziber. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesa izango du beste behin.
14 urtetik gora dituzten eta sare sozialetan edukia sortzen ari diren edo sortzen hasi nahi duten pertsona guztiek parte har dezakete aurtengo edizioan. Astero, eduki-sortzaile batek gidatuko du lehiaketa, bideo-proposamen bat eginez. Parte-hartzaileen egitekoa bideo-proposamen horiek beren estilora sortu eta sareetan partekatzea izango da, nahi beste bideo egiteko aukerarekin. Eduki-sortzaile bakoitzak bere kategoriako irabazlea aukeratuko du, eta Fnac dendan gastatzeko 100 euroko opari-txartelarekin sarituko da.

Eragile digitalak gidari
Aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat gidarien profila da; izan ere, eduki-sorkuntzan erreferente diren lau sortzailek gidatuko dute lehiaketa: Janire Atxurra (@janiatxu), Andoni Etxezarreta (@_ibilimunduan), Luma Otaño (@luma.ov) eta Julen Unanuek (@unaanuue). Beraien esku egongo da proposamenak egin eta irabazleak hautatzea, baina eduki sorkuntzarako hainbat aholku ere emango dituzte parte-hartzaileei bide honetan laguntzeko helburuarekin.

“BZ Sarea” kategoria berria
Edizio honetako beste nobedade garrantzitsu bat da “BZ Sarea” kategoria berria. Kategoria honetan lehiatzeko, gutxienez 17 urte izan beharko dituzte parte-hartzaileek, eta saria, Fnac dendako 100 euroez gain, hurrengo edizioko eduki-sortzaileetako bat izateko kontratu profesionala lortzeko aukera izango da. Kategoria honen bidez, euskal eduki-sortzaile berriei ikusgarritasuna eman eta haien ibilbide profesionala sustatu nahi da, sarean euskaraz sortzen jarrai dezaten.
Bziberren 9. edizioak lau astez luzatuko da, eta helburu nagusia izango da erakustea euskarak ere baduela lekua eduki digitalen sorkuntzan, eta sortzaileak funtsezkoak direla bide horretan.
Informazio gehiago eskuratzeko, jarraitu Bziber proiektuaren sare sozialak: TikTok (@Bziber) eta Instagram (@bziber_lehiaketa).








