Uztailaren 2tik 4ra, Adimen artifiziala helduen euskalduntzean izenburuko ikastaroa egingo dute Donostiako Miramar Jauregian. Jardueraren xedea da irakasleen ikuspegia zabaltzea, hizkuntzen ikas-irakaskuntzan eta euskararen esparruan dauden aukerak, mugak eta erronkak kontuan hartzea Hartara, ikastaroa Unibertsitateko ikasleei, irakasleei eta profesionalei zuzenduta dago

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “ lau zutabe nagusiren inguruan ardaztuko da Udako Ikastaroa adimen artifizialaren gaia lantzeko: hezkuntzaren munduan, euskararen esparruan, hizkuntzen ikas-irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean. Edonola ere, elkarren arteko loturak eta zubiak azalaraziko dira”.

Ikastaroaren helburu zehatzei dagokienez, antolatzaileek hauexek sailkatu dituzte:

– Hezkuntza eremuan adimen artifizialak izan dituen eta izan ditzakeen erabilerak ezagutzea eta horren inguruko hausnarketa sustatzea.

– Adimen artifizialaren erabileraren berezitasunak eta aukerak identifikatzea euskararen esparruan.

– Adimen artifiziala hizkuntzen ikas-irakaskuntzan baliatzeko moduak ezagutzea, baita aukerak eta erronkak aztertzea ere.

– Irakasleei adimen artifiziala eguneroko jardunean txertatzeko baliabideak eta ideiak eskaintzea, jostaketa hutsetik harago doan erabilera didaktikoa sustatzeko.

– Ikastaroko saioetan aurkezten dena partaideek praktikan jartzeko aukera izatea.

Informazio gehiago, hemen.