Azkue Fundazioak sustatutako Banden Lehiako sari nagusia jaso zuen 2018an Belatz taldeak (Gernika, 2015). Garaipen horren emaitza Hotz egin duen arren (Baga Biga) izenburuko bigarren lana da, zeina gaur aurkeztu duten gernikarrek, Bilbon, Euskararen Etxean.

Horrekin batera, Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasusok Banden Lehiaren 10 urteko ibilbidea ixten duen Banden Lehia Bilduma digitala aurkeztu du;alegia, 2018koa azken Banden Lehia izan da. “Bilduma edo player horretan, Banden Lehiako finalisten kantuak jaso ditugu. Haietariko askok ibilbide sendoa egin dute gure parte hartu ondoren, tartean, Enkore, Eskean Kristö eta Zazkel”.

Acasusok, gainera, taldeen pluraltasuna azpimarratu du. “Estilo aldetik asko zabaldu da lehiaketako partaidetza. Hasieran metal eta rock doinuak nagusitu izanagatik ere, urteen poderioz, estilo-aniztasuna gailendu da. Musika gurean bizirik dagoen seinale”.

Bestalde, Baga Bigako kide Ritxi Aizpururen arabera, Belatzek “abaniko handiko rocka jotzen du”, eta gernikarren bigarren lana, “Hotz egin duen arren,  horren isla da, rock gogorretik zein baladetatik edaten baitu. “Belatz oratzaile trebea da, rocka esku askotan utzi du: poparen erraztasunean, grunge leunenaren ukituetan, rock gogorraren atzaparretan, elektronikaren tantetan, baladaren gozotasunean, rock trinkoaren ziztadetan, rock amultsuaren besoetan”.

Belatzeko taldekideek ere ezaugarri bera azpimarratu dute. “Estilo asko entzuten ditugu, eta nahaste horretatik sortzen dira kantuak”, esan du Asier Zabala abeslariak. “Ez gara genero bakarrera mugatzen, leku askotatik hartzen dugu”, gehitu du Endika Elizaga gitarra-jotzaileak. “Baina ukitu pertsonala ematen saiatzen gara”, azaldu du Ibon Bilbao gitarra-jotzaileak. Diskoa Urtzi Izak (Enkore, Empty Files) ekoitzi du, eta horren ondorioz, taldeak “asko eboluzionatu du”.

Horretaz gainera, 2018ko Banden Lehiaren bigarren saria jaso zuen Zizel (Azkoitia, 2015) taldearen bideoklipa ere proiektatu da.

lehian_banden_19