Eguzkiaren argirik jasotzen ez duten bulego eta lokalentzat konponbide teknologiko berria sortu du Japoniako Mitsubishi konpainiak: eguzkiaren argia imitatzen duten LED panelak. Panel horiek milaka LED argiekin osatuta daude, eta zeru garbiaren sentsazioa igortzen dute.
Eguzki ezak edo leku itxi batean orduak igarotzeak eragin handia du gure organismoan. Uste duguna baino askoz gehiago. Argi naturalak, hain zuzen, gure erritmo zirkadianoari laguntzen dio sinkronizatuta egon dadin. Ondorioz, onuragarria da gure gorputzarentzat oro har.
24 orduz martxan egongo diren LED panelak ez dira berrikuntza nabarmen bat, baina Mitsubishiren proposamenak bi nobedade eskaintzen ditu, tramankuluak benetako leiho baten itxura eta izaera izan ditzan: batetik, zuriaren tenperatura aldatzen du, goizetan urdinxka eta arratsaldez horixka; bestetik, benetako leiho baten markoa erreproduzitzen du.
Marko hori da, hain zuzen, leihoen berritasunik azpimarragarriena, markoak hiru alde itzaltzen baititu eta laugarrena argitu, sakontasun efektua lortzeko helburuarekin. Hala, egunak aurrera egin ahala, itzala mugitu egiten da eguzkiaren ibilbidea simulatzeko. Efektu zahar eta oinarrizkoa da, baina bikain funtzionatzen duena, eguzki izpien itxura hartzen baitu.
Konpainia japoniarrak ez du iragarri zein den Misola izeneko panelon kontsumo elektrikoa eta kontsumo horrek eragingo duen gastua. Hasiera batean, telebista ordu batzuetan piztuta izateak dakarren kontsumoaren antzekoa izan daiteke.
Prezioaren harira, hasieran batean, bi prezio izango dira: 5.670 euro eta 750.000 euro. Lehenengoa oinarriko modeloa da, urrutiko agintearekin; bigarrena ostera, profesionalagoa da, argia eta tenperatura aldatzeko aukerak eskaintzen ditu. Urrian eskuragarri izango dira Japonian. Ikusiko da zein xelebrek erosiko dituen.