Dagoeneko ofiziala da, Twitterrek iragarri duenez, behin betiko akordioa lortu du Elon Musken erakunde batek sare soziala erosteko. 54,20 dolar ordainduko ditu akzio bakoitzeko; hain zuzen, apirilaren hasieran konpainiaren tituluek balio zutena baino % 38 gehiago. Guztira, 44.000 milioi dolar inguruko eragiketa izango da.
Erosi arte, Twitterrek konpainia erabat pribatua izaten jarraituko du, PRNewswirek argitaratutako komunikatuaren arabera. Twitterreko zuzendariek aho batez onartu du transakzioa, eta 2022a amaitu baino lehen gauzatuko da.
Hori baino lehen, konpainiako akziodunen azken onarpena lortu beharko da, baita lehiaren arloko agintari erregulatzaileen oniritzia ere.
Elon Muskek 25.500 milioi dolar ordainduko lituzke, eta 44.000 milioi dolarrak osatzeko, Morgan Stanley gisako finantzazio konpainietara joko du.
Twitterrek datorren ostegunean iragarri nahi zituen urteko lehen hiruhilekoari dagozkion emaitza fiskalak. Albiste hori zabaldu ondoren, konpainiak ez ditu bere zenbakiak jendaurrean erakutsiko.