Euskal Herrian bideojokogintzan zein horren inguruan diharduten sortzaileak elkartzeko asmoz ondu du ekimena Game Erauntsia elkarteak eta Zomorro Studio-ko Ibai Aizpurua garatzailearekin batera. Jardunaldia Bergaran burutu zen iragan maiatzaren 31n, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, balorazioa oso ona izan da.
“Sarritan ikusi nahiz adierazi dugu Euskal Herrian bideojokoen industriaren indarrak gora egiten diharduela. Geroz eta gehiago dira jokoen sorkuntzan modu batean edo bestean parte hartzen duten sortzaile euskaldunak. Mundu honen epizentroa atzerrian dagoenez, tamalez, askok ez dute elkar ezagutzen, ez bada sareen bidez”, hain zuzen ere, egoera hori iraultzeko antolatu dute jardunaldia.
“Bergaran bildu ginen joan den larunbatean, jatorri, esparru eta testuinguru guztietako bideojokogileak elkartzeko. Ekoizpen handienetan lan egiten duten profesionalak, oraindik ikasten dabiltzan sortzaileak, denbora librean bideojokoak sortzeari ekin dioten —eta Game Jam ekimenetan parte hartu duten— zaleak hurreratu ziren Laboratorium Museora: Euskal Herriko bazter guztietako artistak, programatzaileak, musikagileak edo itzultzaileak ikusi genituen, baita, esan bezala, bideojokoei betidanik estu lotutako komikien zein mahaijokoen munduetako adituak ere”.
Informazio gehiago, hemen.