Koldo Edorta Carranzak eskuratu du Azkue Fundazioak babestutako Neguko Zuzeu Gaztea Saria. Carranzak Euskara Operación Triunfon izenburuko testua aurkeztu du sarira.
Zuzeuk jakinarazi duenez, hiruhileko honetan, lehiaketak 17 sarrera jaso ditu, 13 gaztek egindakoak. Horietatik bi lehendik ere saria irabazitakoak ziren, gehienak baina, lehen aldiz parte hartu dute.
Zuzeuren arabera, “Carranzak, berak sarreran dioen bezala, guilty pleasure bat hartu zuen gai, eta une egokia aukeratu berau plazaratu eta zuzenean irakurlegoari iritzia eskatzeko. Gainera, iruzkinetan egin zitzaizkion erasoak baliatu zituen idatzia moldatuta gaiari beste ertz bat eransteko, bizkor jokatuz”. Eta hartara, eztabaida piztu zuen”.
Antolatzaileen esanetan, hiru hilabeteko honetan, “sarrerek maila polita eman dute”. Hartara, parte-hartzaile batzuk aipamena merezi izan dute: “Hasteko, Ipar EHko ikuspegia eman digun Xalbat Alzugarairen “EAE bat?”, Manu Bendalari Izaro Tornerok egindako elkarrizketa, Markel Beika Zugazagaren irakaspenak, Igone Aurrekoetxearen lekukotza edo, gaiak beti egoki eta fin plazaratzen dituzten Maddi Etxeberria eta Alazne Sainz Gil de Paulesen idatziak. Doakie guzti-guztiei gure aitortza”.
Zuzeu Gaztea Saria 30 urtez azpiko gazteak idaztera eta iritzia ematera bultzatzeko sortu zen orain bi urte. Hurrengo saria, 500 eurokoa, 2020ko udaberriari dagokiona izango da, apiriletik ekainera bitartean jasotako sarreren artekoa, eta datorren uztail hasieran emango da jakitera. Dagoeneko martxan da, eta hasi da idatziak jasotzen.