Mark Zuckerbergi jakinarazi zioten ikerketa zabal batek erakusten zuela Instagram kaltegarria zela, baina ez ikusiarena egitea eta agintariei gezurra esatea erabaki zuen.
The Wall Street Journal egunkariak argitaratu duenez, sare sozialak berak egindako ikerketa arabera, Instagram txarra da gazteentzat. Izan ere, bereziki kaltegarria da emakume nerabeentzat, depresio-indize handiagoak izaten baitituzte; muturreko kasuetan, suizidioaz ere pentsatzen dute.
Emakumeen gorputz batek izan behar duenari buruzko distortsioa eragiten du Instagramek, eta, gorputzak berak estandar horiek betetzen ez dituenean, kalte handia eragiten die emakumeei.
Ikerketak behin eta berriro adierazten du hori: “neska nerabeen %32 gaizki sentitzen dira beren gorputzetan, eta Instagramek okerrago sentiarazten ditu”. Horrekin batera, “Instagrameko konparazioek emakume gazte batek bere burua nola ikusten eta deskribatzen duen alda dezakete”. Eta hori gutxi ez balitz, “nerabeek Instagrami egozten diote antsietate- eta depresio-tasak handitu izana, eta erreakzio sendoa eta espontaneoa izan da talde guztietan”.
Txosten horrek erreakzio garrantzitsu bat eragin behar zuen Instagramen jabe den Facebooken, baina Mark Zuckerberg Facebook-eko zuzendari exekutiboak ez zituen aintzat hartu.
2021eko martxoan, AEBetako osasun mentalari eta gazteriari buruzko kongresuko audientzia batean parte hartu zuenean Zuckerberg-ek, eta honako hau adierazi zuen: “Egin ditugun ikerketek erakusten dute beste jende batekin lotzen duten aplikazio sozialak erabiltzeak ondorio positiboak izan ditzake osasunean”.