Mozillaren nabigatzaileak eguneratze berri bat jarri du martxan, erabiltzaile kopurua eta merkatu-kuota izugarri jaisten diren bitartean.
Mozillak jakinarazi du bere zerbitzuko erabiltzaile aktiboen kopurua %20 murriztu dela hiru urtean: 244 milioi erabiltzaile hileko 2018aren amaieran, eta 198 milioi erabiltzaile hileko 2021eko bigarren hiruhilekoaren amaieran; hortaz, 50 milioi erabiltzaile inguru joan dira lehiakideen nabigatzaileetara. Egoera horretan, konpainiak bere nabigatzailearen azken eguneraketa, Firefox 91, abiatu du, galera handi hori arintzeko eta Google Chrome erraldoiari aurre egiten saiatzeko.
Konpainiaren apustua da nabigatzailea gero eta gehiago modernizatzea eta apaintzea , bai eta Chromium-en aukera gisa saltzea ere (Chromium kode irekiko base bat da, Googlek sortutako web nabigatzaile bat garatzeko). Appleren iOSek Androiden aurka egin duen bezala, gutxi gorabehera, baina oraingoz ez du zorte bera. Horregatik, Firefox etengabe eguneratu da. Hala, Firefox 91 eguneraketak Chromeren aurkako erresistentzia antolatzeko berrikuntza interesgarri batzuk eskaintzen ditu:
- Deskargak: Interneteko fitxategiak ez dira aldi baterako karpeta batean deskargatuko; lehenetsitako edo hautatutako direktorioan gordeko dira (gainerako deskargekin gertatzen den bezala).
- Inprimatzea: inprimatu beharreko orria sinplifikatzen du, alboko barrak eta menuak bezalako elementuak saihesteko; aukera hori erabiltzaileak aktibatu behar du.
- Interfazea: Proton erabiltzaile- interfaze berria du, eta fitxa flotatzaileak ditu.
- Pribatutasuna: hainbat hobekuntza eskaintzen ditu pribatutasunaren babesean eta gaileta elektronikoen kudeaketan (cookieak), hurrenez hurren, SmartBlocks eta Total Cookie Protection erabilita.
- Zaharkitutzat jotzen diren bi teknologien (Adobe Flash eta FTP protokoloa) euskarririk ez dago.
- Windows: orain errazagoa da Microsoft-en saioa hastea eta laneko eta hezkuntzako kontuak erabiltzea Windowseko kredentzialekin; aukera hori erabiltzaileak aktibatu behar du.
- HTTPS: pribatutasun-estrategia gisa, Firefox HTTPS erabiltzen saiatuko da nabigazio pribatuko leiho bateko konexio guztietan, eta HTTP konexioak HTTPS konexio segurua onartzen ez duten orrietan bakarrik erabiliko dira.
Finean, galdutako erabiltzaileak berreskuratu eta jarraitzaile leialak finkatu nahi ditu Mozillak, nabigatzailea maiz eguneratuz. Era berean, aukera fidagarria izan nahi du Chromium inperioaren aurrean.