Google bilatzailean gehien erabiltzen den zerbitzuetako bat da Google Irudiak, baina zerbitzu horren inguruan ika-mika ugari izan dira bilatzaileari pirateria sustatzea leporatu baitiote behin baino gehiagotan.
Irudien bilatzailea asko aldatu da denborak aurrera egin ahala. 2018an, hain zuzen, Getty-rekin gatazka bat izan zuen, eta horren ondorioz “Ikusi irudia” botoia ezabatu zuen Googlek. Bada, orain, aldaketa gehiago egiten ari da Google eskubideak dituzten irudiak baimenik gabe ez erabiltzeko edo horien irudi libreak errazago aurkitzeko.
Orain arte, Google Irudiak zerbitzua erabiltzerakoan, emaitzak hainbat modutan iragaz genitzakeen erabilera-eskubideen arabera: “Lizentziaren arabera iragazi gabe”, “Berrerabiltzeko etiketatuta”, “Berrerabiltzeko etiketatuta”, “Berrerabilpen komertzialerako edo aldaketekin.
Aldaketa berri horien ondorioz, aukera horiek asko sinplifikatu dira: “Creative Commons erakundeko lizentziak”, eta “Lizentzia komertzialak eta beste batzuk”.
Lehenengo aukera hautatuz gero, erabilera libreko irudien zerrendara iritsiko gara, baina, jakina, lizentzia-mota berrikusi behar da, atribuzioa behar duten ala ez edo bestelako xehetasunen berri izateko.
Bigarrenak copyright-a duten irudien emaitzetara garamatza, eta, gainera, “Lizentziapean” dioen etiketa berria dute. Irudietan klik eginez gero, “Lizentziaren xehetasunak” dioen esteka ere ikusiko dugu, zeinak irudi horren lizentzia-hitzarmena jasotzen duen jatorrizko webgunera eramango gaituen.
Aldaketa horiek stockeko irudi-hornitzaileekin eta eduki digitaleko elkarteekin lankidetzan egin ditu Googlek, funtzio berri horiek baliatu nahi dituzten beste sortzaile batzuei begira.