Lau eguneko kanpusean honako gaiak landuko dira: stop motion animazio-teknika, euskarazko bideojokoak, sare sozialen inguruko erabilera eta jokabide egokiak eta bideoen edizioa.
Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak lankidetzan Hala, Birala! izeneko kultura digitalari buruzko kanpusa antolatu dute. Egunero, lau ordu eta erdiz, hezitzaileek gidatuta eta adituen laguntzaz, gai hauek jorratuko dira: animazioa, euskarazko bideojokoak, sare sozialen inguruko erabilera eta jokabide egokiak eta bideoen edizioa.
Zer egingo dugu kanpusean?
- Stop motion animazio teknika ikasi.
- Euskarazko bideojokoetan murgildu.
- Bideoen gidoiak sortu, grabatu eta editatu.
- Sare sozialetan eta interneten nola jokatu.
- Sareetan euskaraz jarduten dutenen esperientziak ezagutu.
Bideo-edizioari dagokionez, Youtube plataformara zuzendutako bideogintza landuko da. Horretarako, parte-hartzaileek Quiz bat sortuko dute. Prozesu horren barruan, halaber, gidoiak sortzen, grabatzen eta editatzen ikasiko dute gaztetxoek. Tailer hau Euskararen Etxeko lantaldeak gidatuko du.
Animazio teknikari dagokionez, stop motion teknikari buruzkoa izango da tailerra. Fotogramaz fotograma egiten den animazio teknika da stop motion-a. Teknika horren bidez mugimendua sortzen da objektu estatikoetan. Tailerra Gasteizko Tik Tak Animation-ek zuzenduko du.
Sare sozialei buruzko tailerraz Bilboko Samurrak Aniztasuna erakundea arduratuko da. Sare Sozialen erabilera egokiaz jabetzeko tailerra izango da, sexualitatearen babesaren ikuspegitik abiatuz, eta gazteek jarraitzen dituzten pertsonaien maskulinitate eta feminitatearen bitartez.
Azkenik, Euskarazko bideojokoen harira, Game Erauntsia elkarteak Euskara aisialdian sustatzeko bideojokoen bidezko jarduera teoriko-praktikoa aurkeztuko du. Hala, tailer horretan, besteak beste, ondoko kontuak aztertuko dira: Bideojokoak kontsumogai normalizatu gisa, Bideojokoak eta generoa, Bideojokoak eta jazarpena eta Bideojokoak eta hizkuntza. Euskarazko bideojokoekin jolasteko aukera ere izango da.
Helburuak:
- Euskarazko ikus-entzunezko edukien sormena eta teknika lantzea.
- Sare sozialen erabileraren inguruan hausnartzea eta ikuspegi kritikoa lantzea.
- Euskarazko bideojokoen munduan murgiltzea.
- Unean unean modan dauden eta gehien erabiltzen diren sare sozialen eduki, erreferente eta tendentziak euskaraz lantzea.
Hala, birala! kanpusa
- Norentzat: 2012 – 2013 urteen artean jaiotakoentzat 4 eguneko kanpusa.
- Datak: abenduaren 26tik 29ra
- Ordutegia: 9:00 – 13:30
- Hizkuntza: Euskara
- Tokia: Euskararen Etxea
- Izena emateko epea: azaroaren 13tik 19ra. Plazak zozketa bidez esleituko dira. Zozketaren emaitza azaroaren 21ean argitaratuko da. Banaka zein binaka izena emateko aukera dago.
- Plaza lortu dutenen behin betiko izen-ematea: azaroaren 21etik azaroaren 24ra.
- Prezioa: 30€
- Informazio gehiago:
info@azkuefundazioa.eus / 944 028 081 / www.bilbao.eus/euskara/halabirala