Ultraviolet elkarte feministak eta ISDk (Elkarrizketa Estrategikorako Institutua) Harvardeko Unibertsitatearekin lankidetzan, sexu eta arraza arrazoiengatik eragindako diskriminazioa gehien sustatzen duten gizarte-sareen sailkapena jaso dute ikerlan batean.
Sailkapen horren arabera, Instagram eta Facebook sareek emaitza oso txarrak jaso dituzte, eta, harrigarria bada ere, Twitter egoera hobean dago (nahiz eta hobetzeko tarte handia duen), gorrotoa eta desinformazioa sustatzen dituzten edukiak zabaltzearen aurkako hainbat neurri ezarri baititu.
Aztertutako parametro desberdinen arabera kalifikatu dira sare sozialak eta plataformak, eta horien kalifikazioak (A nota onena eta F nota txarrena) hauek dira:
Facebook (D): Porrot egiten sexu- eta arraza-arrazoiengatik eragindako diskriminaziozko jokaeren jazarpenean, eta, gainera, ez du desinformazioa, jazarpena edo gorrotoa sustatzen duten diskurtsoak eteten. Salatutako argitalpenek denbora gehiegi behar dute ezabatzeko. Horrekin batera, erasotzaileak edo iraingarriak diren argitalpenen hartzaileak behartuta daude mezuak eta erabiltzaileak banaka salatzera. Osasunari buruzko desinformazioari dagokionez (haurdunaldia, abortua, elikadura-arazoak…), bereziki kezkagarria da, batez ere eduki horietara sartzen diren pertsonen osasunean duen eraginagatik.
Instagram (F): Bere erabilera-politikak Facebook-enak direnez, batak eta besteak akats berdinak agertzen dituzte. Instagramen, gainera, kontu sexistengatik eta itxura fisikoagatik diskriminatzen duten algoritmo eta iragazkien eragina handiagoa da.
TikTok (D+): Arraza-diskriminazioarekiko arduragabekeria erabatekoa da, eta revenge porn-aren (mendeku gisa bikotekide ohiek bestearen baimenik gabe zabaltzen dituzten eduki esplizituak) hedapena nabarmena da. Gainera, noizean behin, lehentasunezko tratamendua ematen zaie arraza eta sexu diskriminaziozko edukiei. Osasunarekin zerikusia duten gaiei buruzko desinformazioa, txostenaren arabera, “lotsagabea” da, eta, gainera, sare sozial horren algoritmoa ideologia kontserbadoreko edukien aldekoa litzateke.
Twitter (C): Politika zorrotza du gorroto-diskurtsoaren arloan, baina asko hobetu behar du hainbat kontutan, tartean, ziberjazarpena eta revenge porn-a. Positiboki baloratzen da COVID-19ari buruzko desinformazioa ezabatzeko politika; halere, gutxi egiten dute osasunari lotutako esparruetan, hala nola, elikadura-arazoak eta haurdunaldia.