Mahai gaineko ordenagailuen salmentak hazi egin dira urruneko langileak eramangarriekiko gogaituta daudelako eta ekoizpen eta logistika arazoak daudelako.
Ezohiko zerbait gertatu da pandemiaren bigarren urte honetan. Badirudi etxeetan berriro dagoela lekua mahai gaineko ordenagailuentzat.
Oraindik badira mahai gaineko ordenagailua erabiltzen duten erabiltzaile batzuk, esaterako, aisialdi elektronikoan aritzen diren zaleak. Halere, enpresek eta partikularrek aspaldi egin zuten informatika eramangarriaren aldeko hautua. Baina COVID-19tik eratorritako logistika arazoak eta telelanaren gorakada nahikoa izan dira joera aldatzeko.
Batetik, urruneko lana ez da beti bideragarria ekipo eramangarriekin, normalean ez baitira oso ergonomikoak. Horrekin batera, osagaien aldetik, adibidez, azken bi urteotan ezinbesteko bihurtu diren bideokonferentzietarako kamerak, mugatuak izaten dira. Pandemiaren aurretik, muga horiek erraz konpentsatzen ziren ekipoa mugituz etxetik bulegora edo bidaiatzean. Baina bi urteko konfinamenduaren, urruntze sozialaren eta bulegoen itxieraren ondoren, etxe askotan langileek pantaila-tamaina handiagoko ekipoak erostea erabaki dute, modu erosoagoan lan egiteko asmoz.
Bestetik, logistikako arazoen eta txipen eskasiaren ondorioz, mahai gaineko ordenagailuak, kasu askotan, aukera bideragarri bakarra bihurtu dira erabiltzaile askorentzat. Eramangarrien ekoizpen-ahalmena mugatua da, eta fabrikatzaileek modelo garestienei ematen diete lehentasuna. Hartara, prezio ertaineko ordenagailu eramangarriak bilatzen dutenek aukera gutxi dute.
Nolanahi ere, ekipo eramangarrien salmentek ere gora egin dute 2021ean. Adituek adierazi dute ezohiko egoera dela, eta mahai gaineko ekipoen salmentek behera egingo dutela berriro ere datozen urteetan. Erabilera zehatz batzuetara mugatuko dira, eta tablet eta smartphone-en gorakada nabarmena izaten jarraituko du.