Sare informatiko batean infiltratzeko hamaika aukera daude, tartean, phishing-a, troiarrak, sistemaren zaurgarritasunak edo indar basatia. Guztiak nahikoa konplexuak dira, baina modu sinpleago bat egongo balitz? Bada, sare informatiko batean sartzeko metodo berriena ez da batere konplexua: Amazonek edo beste konpainia batek etxera edo bulegora bidaltzen dituen pakete fisikoak erabiltzea.

IBMko ikertzaile batzuek  garatu duten metodoak erakutsi du pakete fisiko baten bidez  pertsona baten sare informatikoari eraso egin ahal zaiola eta pertsona horren informazioa eskuratu. Pakete horren barruan aparatu txiki bat ezkutatzen da, eta horren bidez gertuen dagoen sarean sartzen da. Hortik aurrera, erasotzailearen esku geldituko da gainerako lana.

Teknika hori ez omen da hain berria, hainbat metodoren uztarketa baita, biktimari urrunetik eraso egiteko, haren sisteman zaurgarritasunik bilatu gabe; hots, biktimaren Wi-Fi sare berean aritzea da xedea, pakete baten ezkutatutako aparatu baten laguntzaz.

Aparatu hori dispositibo txiki bat da: plaka bakarra (SBC) duen oinarrizko ordenagailua, 3G sarearekin bateragarria den antena bat eta telefonoek erabiltzen duen bateriaren antzekoa.

SBC plakek asko kontsumitzen dute, baina ikertzaileek aldatu egin dute gutxi kontsumitzeko, eta IoT (Internet of things) modem bat gehitu diote. Hartara, dispotitiboa beti dago konektatuta eta erasotzaileari kokapenaren koordenadak bidaltzen dizkio uneoro.

Finean, adituen arabera, egun, makina bat pakete jasotzen dira etxe eta lantokietan; hortaz, oso erraza da pakete anonimo bat bidaltzea eta gune horietan infiltratzea. Malware fisiko horren aurrean, firewall fisikoko sistemak jartzen hasi beharko gara. Hasteko, zuen etxe eta lantokietan pakete asko jasotzen badituzue, ondo ikuskatu paketeon jatorria.

blackfriday