Durangoko Azokaren 56. edizioaren baitan, Kabi@ gune digitalak egitarau interesgarria ondu. Egitarau hori sorkuntzaren digitalari buruzkoa izango da, eta lau hitzaldi, mahai-inguru bat eta haurrentzako lantegi bat bilduko ditu.
Hala, lau hitzaldi izango dira abenduaren 4tik 7ra Geruza Digitalak izenburupean: “Azken hamarkadatan hainbat fenomeno azkartu dira: globalizazioa, prekarizazio globala, demokraziaren pribatizazioa, erregai fosilen agortzea, klima aldaketa, zaintzaren krisia… Guzti horren erdian teknologiaren garapen izugarriak jauzi kualitatibo bat eman du azken mendean. Horrek hainbat kezka piztu ditu dagoeneko mundu luze zabalean. Ez gara berez teknofiloak, ezta teknofoboak ere. Teknologia elite finantzieroen alde erabili daitekeela uste dugu, baina baita jendartearen zerbitzura egon daitekeela ere”.
Hala, abenduaren 4an, Jaione Martinezek Zer da Euskal Herria digitala manifestua? gaia izango du hizpide. Abenduaren 5ean, Zer da fedibertsoa eta zer eskaini diezaieke euskal sortzaileei? gaia jorratuko dute Marko Txopietak eta Porruk. Abenduaren 6an, bideo-jokoei buruz arituko dira Lander Unzueta eta Haritz Odriozola, Bideo-jokoetako munduak euskaraz ezagutzea, posible ote?. Azkenik, abenduaren 7an, Aitor Ormazabalek Noraino automatizatu daiteke sorkuntza? izango du berbagai. Hitzaldiak 11:30etik 12:00etara egingo dira.
Abenduaren 8an, halaber, sorkuntza digitalaren gaineko mahai-ingurua izango da, 13.30etatik 14.30etara: “Zer behar dute sortzaileek, zer proiektu mota gerturatzen da”. Hauexek izango dira hizlariak: Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi (Okela sormen espazioa eta Basilika/Berdela), María Mur Dean (Conssoni). “Arte praktika garaikideei lotuta digitalizazioak gizartean duen eraginaren inguruan ikertzen, pentsatzen eta sortzen dute artista askok. Baina bada ere lan horretan teknologia bera espresiorako bide bihurtu duenik”.
Aurretik, 10:30ean, itzal digitalei buruzko haurrentzako lantegia izango da, Itzal ipuinak: “Proiekzio batean itzal digitalak aktibatuko ditugu, itzal antzerkia bailitzan, grafitoz margoztatuko irudien bidez. Zein istorio aterako dira haurren buruetatik?