AEBetako JAMA taldeak egindako txosten baten arabera, gaitz horiek nabarmen hazi dira azken 20 urteetan. Mugikorrarekiko mendekotasunak eraginda, lepoko minek eta zefaleek gora egiten dute. Gaitzok ez dira larriak, baina epe luzera txarrera egin dezakete. Arazo horrek, gainera, planeta osoari eragiten dio: 2017an, telefono mugikor bakarra zuen lagun kopurua 5.0000 milioikoa zen, baina SIM txartelak 7.800 milioira iritsi ziren, alegia, SIM kopuruak planetan dagoen jende kopurua gainditu du.
13 eta 29 urte bitartekoak dira afekzio horiek gehien pairatzen dituztenak, mugikorra erabiltzen ari diren bitartean bestelako jarduera bat egiteagatik. Oinez goazen bitartean testu-mezuak bidaltzeagatik sortzen dira lesio gehienak, izan ere, telefonoari begiratzen badiogu oinez goazen bitartean, gorputzaren lerrokatze-ardatza hautsi egiten da.
Adituek, halaber, Text Neck edo testu-lepoa erabili dute lepoko min zehatz hori izendatzeko. Buruak 6 kilo inguru ditu, eta lepoa aurrerantz edo beherantz okertzean, zerbikalek jasaten duten pisuak gora egiten du proportzionalki: 15 graduko angeluan, pisua 12 kilo ingurukoa da; 30 gradutan, 18 kilokoa; 45 gradutan 23 kilokoa eta 60 gradutan, 30 kilokoa. Inklinazio jarraitu horrek ondoko gaitzak eragiten ditu: ornoetan gainkarga, ornoen arteko ehun bigunetan gainkarga eta ornoen arteko diskoaren murrizketa. Epe luzera, gainera, herniak sor daitezke.
Hala, traumatologo eta fisioterapeuten arabera, arazoa gorputzaren posizioan dago, horretan jarri behar da fokua, denbora tarte luzez posizio bera mantentzea oso kaltegarria baita. Horren aurrean, zer egin behar da? Bi ordurik behin gelditu eta ariketak egin. Leporako ariketak oso sinpleak dira, nahikoa baita lepoa alde batera eta bestera astiro mugitzearekin, edo etxean bagaude, burua eserlekuaren bizkarraldearen aurka bultzatzea.
Mugikorraren erabilera jarraituak eragiten duen beste gaitz bat erpuruan gertatzen da: Europan eguneroko scroll tartearen batezbestekoa 62 minutukoa da; hots, hatzamarrekin 180 metro egiten ditugu pantailan egunero, bestela esanda, futbol zelai bat eta erdi. Ondorioz, haur askok tendinitis jakin bat pairatzen dute, Quervain-en Tenosinovitisa.
Egoera horren aurrean aholkurik onena mugikorraren erabilera denbora mugatzea da: ez ginateke ordu bat baino gehiago telefonora konektatuta egon behar.