Facebook, Microsoft eta Apple konpania handien arabera, etorkizunean, telelanean jarraituko dugu eta teleportatu egingo gara errealitate areagotuko betaurrekoen bidez. Ahaz ditzagun Zoom, Meet edo Teams. Mark Zuckerbergek dio 2030ean “teleportatuko” egingo garela etxeetara edo bulegoetara lanaz hitz egiteko. Microsoftek halaber, argi utzi zuen bere Mesh teknologiarekin etorkizun horretara eraman nahi gaituela, ez bideokonferentziaz, errealitate birtualaz baizik. Apple-n ere antzeko zerbait aztertzen ari omen dira.

Bada, etorkizun horren oinarria duela urte asko sekulako ospea hartu zuen errealitate birtuala da, baina, oraingoz, entretenimendura mugatutako teknologia da.

Zuckerbergek, duela gutxi, elkarrizketa bat eman zuen, errealitate birtualaren etorkizun oparo horri buruz hitz egiteko: beste leku batzuetara eramango gaitu berehala.

Han egongo gara egon gabe, eta, jakina, gauza bera ez bada ere, Zuckerbergen aburuz, aukera horren ondorioz, “zenbat eta gehiago teleportatu,  joan-etorri pertsonalak eta gizabanako gisa gogaitzen gaituzten gauzak ezabatzeaz gainera, uste dut hobea izango dela planetarentzat eta gizartearentzat”.

Facebook-en sortzaileak esan du etorkizunean ez ditugula errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliko, egungo Oculus Quest 2 bezalakoak, baizik eta errealitate areagotuko betaurrekoak, ohiko betaurrekoen itxura izango dutenak, baina pantaila gardenen bidez mundu errealari buruzko informazio digitala gainjartzeko aukera emango dutenak. Alegia, Google Glass hobetuak.

Hala, “norbaiti deitu edo pertsona horrekin bideokonferentzia bat izan beharrean, hatzak klaskatuko dituzu eta teleportatzea bezalako zerbait egingo duzu, eta han eserita egongo zara, eta haiek besaulkian egongo dira, eta elkarrekin egongo bazina bezala sentituko zara”, esan zuen Zuckerbergek elkarrizketan.

Zuckerbergen iruzkinak azpimarragarriak dira, beste enpresa teknologiko handi batzuek aspalditik proposatutakoarekin bat egiten baitute. Microsoft aspalditik ari da errealitate mistoaren alde egiten, eta, nahiz eta bere HoloLens nitxo-produktua izan, badirudi Appleren inspirazio-iturri izan direla.

Appleren errealitate birtualeko edo areagotuko betaurrekoak 2022an agertuko omen dira, 1.000 dolarreko prezioan. Beste ahots batzuek 8K pantailak dituen modelo aurreratuago bati buruz hitz egin dute, askoz ere garestiagoak izango direnak, 3.000 dolar inguru.

Geroago, 2025ean, errealitate areagotuko betaurreko batzuk iritsiko dira, Google Glass ezagunen antzekoak, eta 2030etik aurrera, Applek osagarririk deigarriena eskainiko du: gure mugikorraren luzapen bihurtuko diren ukipen-lenteak.

Applek ez du oraindik ezer iragarri, baina urteak daramatza errealitate areagotuan lanean; esaterako lidar teknologia sartzen ari da bere azken belaunaldiko gailuetan, aukera garrantzitsuak eskaintzen baititu errealitate areagotuaren esparruan.

oculus

Webcamen amaiera

Egia esan, badirudi Facebook eta Microsoft direla etorkizun hori argien ikusten dutenak. Etorkizun horretan, telelana ez dugu egingo webcam bidez, baizik eta errealitate areagotuko betaurrekoekin, teleportatzeko.

Badirudi Applek ere ildo horretako irtenbideak eskainiko dituela, eta interesgarria izango da Googlek zer egiten duen ikustea. Agian, errealitate areagotuaren eta errealitate birtualaren iraultza ez zegoen jokoetan, eremu profesionalean baizik.