• Gazteen Aste Santuko oporraldia aprobetxatuz, martxoaren 26tik apirilaren 12ra bitartean, Edurne Azkarate aktoreak 4 erronka botako dizkie gazteei Tik Tok sarean burutzeko.

  • 11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da.

  • Aurreko bi edizioetan ez bezala, oraingoan, Bizkaiko lurraldea gainditu eta lehiaketa euskararen eremu guztira zabalduko da.

Bziber lehiaketa, TikTok sarean oinarritu den euskara hutsezko lehen lehiaketa da. Gazteek biziki erabiltzen dituzten sareetan euskarazko edukiak sortzea du helburu, baita erreferente euskaldunak indartzea ere.

Azkue Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lankidetzan antolatutako lehenengo eta bigarren edizioaren harrera ona ikusirik, lehiaketa berriro ere martxan jarriko da martxoaren 26tik apirilaren 12ra bitartean, gazteen Aste Santuko oporraldiarekin bat eginda.

Oraingoan, Euskararen Herrira zabalduko da lehiaketa: euskaraz dakien 11 eta 16 urte bitarteko gazte orok parte hartuko ahalko du, jatorria edozein dela ere. Parte hartzeko Bziber Lehiaketaren Instagram eta TikTok kontuak (@bziber_lehiaketa) jarraitu eta erronkak igotzearekin nahikoa da.

Edurne Azkarate aktore eta lehiaketaren gidariak TikTok sarean boladan dauden 4 erronka botako dizkie gazteei, proba horiek gaindi ditzaten, nahi duten moduan. Edurnerekin batera, gazteentzako erreferente diren hainbat lagun eta tiktoker arituko dira probak zabaltzen sareetan, tartean, Euskadi Gazteako kideak, Kai Nakai, bai eta @elemelonsv eta @libebeitia tiktoker-ak ere.

Gazteek teknologiarekin lotutako sarien zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Proba edo erronka bakoitzeko bi saritu suertatuko dira, hau da, guztira 8 irabazle izango ditu lehiaketak. Irabazle bakoitzak 100 euroko balioa duen saria jasoko du: sareari eta teknologiari lotutako TikTok kutxa (argi gurpila eta kroma egiteko tresnak) eta Bziber markako arropa.

Lehiaketaren lehenengo edizioa 2020ko uztailean gauzatu zen, udako oporraldiekin batera. Halaber, bigarren edizioa 2021eko neguko oporraldian burutu zen, Gabonetan. Bi edizio horien ondorioz, ekimenaren inguruko komunitate handia sortu da sareetan.

Lehiaketari buruzko informazio guztia: http://www.bziber.eus

Prentsa dosierra: hemen

Harremanetarako: info@azkuefundazioa.org

bziber-iii-kartela