WhatsApp bere pribatutasun-aukeretako batzuk birdiseinatzen ari da, erabiltzaileek aukera gehiago izan dezaten informazio pertsonal bat kontaktu jakin bati erakusteko edo ezkutatzeko.
WhatsApp-en erabiltzaileek, orain arte, beren pribatutasuna hiru ataletan kudeatzeko aukera izan dute: azken konexio-ordua, profilaren irudia eta profilaren informazioa. Erabiltzaileak berak erabakitzen du gainerako pertsonek informazio hori eskuratuko duten ala ez.
Hala, pribatutasun hori kudeatzeko hiru aukera ditu erabiltzailek: guztiek ikustea, inork ez ikustea, kontaktuek bakarrik ikustea. Aukera horiek nahikoa mugatuak dira, erabiltzaileak kontaktu bati informazio jakin baterako sarbidea eragotzi nahi izanez gero, inork ez ikusteko aukera hautatu behar baitu. Hau da, pertsona bakar bat blokeatzeko, erabiltzaile guztiak blokeatu behar dira.
Hala ere, WhatsApp aukera berri bat prestatzen ari da: «Nire kontaktuak… izan ezik». Aukera horri esker, kontaktu jakin batzuk hautatu ahal izango dira, aipatutako hiru eremuetako (konexiorako azken ordua, argazkia eta profilaren informazioa) informazioa kudeatzeko.
Aukera berri horien bidez, erabiltzaileak bere pribatutasunari buruzko datuen kudeaketa zehatzagoa egin ahal izango du; esaterako, konexio-ordua ez erakusteko zenbait kontakturi. Oraingoz, ez dakigu noiz ezarriko duen WhatsAppek berritasun hori.