Negozio-bide berri horrek Aplikazioak Programatzeko Interfazea (API), laguntza-tresnak eta bezeroarentzako arreta-zerbitzua pertsonalizatuta eskainiko ditu.
Wikipediak Wikimedia Enterprise eskainiko du datozen asteetan: enpresa teknologiko handiei eta sare sozialen jabeei zuzendutako ordainketa-zerbitzua. Wikipediako APIa azkarragoa eta eraginkorragoa izango da, bai eta konpainia handien beharretara egokitua ere.
Wikimedia Enterprisek bere webgunean azaldu duenez, API bera eskainiko du: enpresek doan erabili eta ostatatuko dituzte artikuluak beren zerbitzuetan, hala nola bilatzaileetan, baina laguntzarako tresna espezifiko batzuk gehituko ditu.
Hala, Wikipediak ordainpeko API bat eskainiko du, artikuluen aldaketen eguneraketak edo formatu bateragarrietako datu-iraulketa osoak barne hartzen dituena. Gainera, teknologia-enpresa handien beharretara egokitutako beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu, hala nola, bezeroentzako telefono-zenbaki bat, datuak transmititzeko denbora batzuen bermea eta arazo teknikoak konpontzeko aditu-talde bat.
Orain arte, APIaren erabilera eta edukiaren ostatua modu pasiboan eta boluntarioen bidez egiten zen, Wikipediak enpresei inolako aholkularitzarik eman gabe. Hartara, enpresak Wikipediako informazioa kudeatzeko lantaldeak eta baliabideak eskuratu behar zituzten.
Zerbitzu profesionalizatu horren merkaturatzeak ez die erabiltzaile partikularrei eragingo: Wikipedia doakoa izaten jarraituko du partikularrentzat. Erabiltzaile horiek Wikipediako edukian nahiz doako APIan sartzeko aukera izaten jarraituko dute, baina Wikimedia Enterprisek eskaintzen dituen baliabide gehigarririk gabe.
Wikimedia erabaki horren alde agertu da, “baliabide, bazkide eta aliatu gehiago beharko baititu enpresaren helburuak lortzeko”. Mugimendu horren bidez gainera, entziklopediako edukien autofinantzaketa eta independentzia bermatu nahi dute.