Jimmy Wales eta Larry Sanger-ek egitasmo kolaboratibo txiki bat abiatu zuten 2000 urtean, Wikipedia. Egun, munduko entziklopedia ezagunena da; interneten gehien bisitatzen den 20 webguneen artean dago. Wikipedia erraldoi bat da bere baitan, hazten ari baita etengabe, eta Walesek bertan lanean diharduen bitartean, Sanger erraldoi horren emaitza kritikatzen ari da erraldoiaren domeinuetatik kanpo.
Bada, oraintsu, Larry Sanger Austrian izan da hitzaldi bat ematen, eta haren arabera, eduki libreko entziklopedia ezagunenak “ez du funtzionatzen”. Halaber, ez erabiltzeko iradoki du, manipulazioa handia baita. Hortaz, ez da Wikian jasotzeko edukiez fidatzen.
Sangerren arabera, Wikipediak “erronka bereziak” izan ditu. “Wikiaren erronketako bat zen entziklopedia jendeari erakustea, zeina, nagusiki, orri zuriekin osatutako buletin bat zen, edozer izan zitekeena, eta entziklopedia eraiki genuen. Jende askok, zirudienez, ez zekien horren esanahia edo berdin zitzaien”.
Entziklopediak izan zuen beste arazo bat pertsona kaltegarriena izan zen. Pertsona horien xedea artikuluak manipulatzea zen edo artikuluei joera ideologiko jakin bat eranstea.
“Izan genuen oztopoetako bat izan zen nola gobernatu aktore txar horiek, publiko orokorrari zuzendutako egitasmoa hondoratu ez zezaten. Zoritxarrez, arazo horri ez genion konponbiderik aurkitu”. Horren ondorioz, “Wikipediaren sistemak ez du funtzionatzen”.
Wikipediak makina bat polemika bizi izan ditu sortu zenetik, batez ere webgunean agertutako manipulazioen ondorioz, gehienbat politikari buruzko gaiei lotutakoak, edo guda kulturala kontzeptuaren baitan koka daitezkeen gaiak.
Haatik, Wikipediako sortzailearen aburuz, “masa inteligentziaren” atzean -plataformaren oinarrietako bat da, eta horren bidez norberak bere ekarpenak egiten ditzake bere ezagutza esparruan-, plataformaren berezko arazoak daude, ez baitago adostasunik informazio iturri fidagarrien inguruan.