Azkue Fundazioak babestu ohi  duen Gaztezulo Bideo Lehiaketaren sari banaketa streaming bidez egingo da aurten, -Bilbon dagoen Euskararen Etxean egin da ekitaldia aurreko edizioetan-. Bihar, uztailak 2, burutuko da ekitaldia, 12:00etatik aurrera, Facebook Live bitartez. “Lehiaketako irabazleak zeintzuk diren ezagutzera emango dugu!”, iragarri dute ekimenaren antolatzaileek. Bideo lehiaketaren XI. edizioa izango da.

Gaztezulok jakinarazi duenez, “normaltasun berriak ezarritako baldintzak kontuan izanik, aurten lehen aldiz streaming bidezko sari banaketa egingo dugu Facebook Live plataforma erabilita. 27 izan dira guztira aurkeztu diren lanak eta sari banaketa ekitaldian hiru sari banatuko ditugu: 1.200 eurokoa (lehena), 300 eurokoa (bigarrena) eta GAZTEZULO produktu+opari sorta (publikoaren saria). Zuzeneko horretan irabazleen hitzak ere jasoko ditugu eta aurkeztu dituzten lanen irudiak ikusteko aukera izango duzu”.

Ondokoek osatuko dute epaimahaia: Olatz Beobide Egaña aktorea eta zinema eta antzerki zuzendaria, Sara Hernandez Askasibar Zinea.eus atariko kritikaria eta Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezko koordinatzailea eta Xabier Landabidea Urresti -@txerren- Deustuko Unibertsitateko ikerlari eta irakaslea.