Azkue Fundazioak kudeatzen duen Euskararen Interpretazio Zentroak udako ordutegia abiatu du uztailean eta abuztuan. Zentro hori Bilboko San Ignazio auzoan kokatutako Euskararen Etxean dago.
Ondoko ordutegiarekin arituko da Euskararen Interpretazio Zentroa udan (uztaila eta abuztua): astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 15:00etara. Horrekin batera, doako bisita gidatua egiteko aukera izango da, 10:00ak eta 14:00ak bitartean. Hileko bigarren larunbatetan, 10:00etatik 14:00ak arte egongo da irekita, eta bisita gidatua eskainiko da.
Interpretazio zentroa publiko orokorrari, norbanakoak edo taldeak (elkarteak, euskaltegiak, turista taldeak, udalekuetako gaztetxoak, aisialdi taldeak, euskara taldeak…), zuzenduta dago: euskarari buruz gehiago jakin nahi duen ororentzat bisita gidatuak eskaintzen dira; aurrez hitzordua hartzea gomendatzen da.
Horretaz gainera, ikastetxeek ere bisitatu dezakete zentroa. Bisita gidatuaz gain, euskara eta teknologia uztartzen dituen lantegian parte hartzen dute ikastetxeek.
Euskararen Etxeko lehenengo solairuan Euskararen Interpretazio Zentroa dago eta publikoari zabalik dago 2004tik. Euskarari eskainitako zentro bakarra da eta bertan hizkuntzaren inguruko hainbat eduki ezagutu daitezke. Zentroaren edukiak berritu ditugu 2012an. Sarrera doakoa da.