Bartzelonako Euskal Etxeak Zinemaldia.cat jaialdiaren 14. edizioa abiaraziko du asteon, martxoaren 14tik 17ra bitarte. Gerona zine-aretoetan burutuko da, eta bost film luze pantailaratuko dituzte: fikziozko bi lan, lehiaketatik kanpo, eta hiru dokumental. Horrekin batera, Kimuak programako zazpi film laburrak aurkezteko saio berezia ondu dute. Azkue Fundazioa jaialdiaren babeslea da.

Telmo Esnalek zuzendutako Dantza eta Koldo Almandozek filmatutako Oreina dira lehiaketatik kanpo pantailaratuko diren fikziozko lanak, martxoaren 14an eta 15ean, hurrenez hurren.

Martxoaren 15ean, halaber, lehenengo dokumentala pantailaratuko dute, Oier Aranzabalen Margolaria, zeina Mikel Urdangarin musikariaren eta Alain Urrutia pintorearen arteko Skype bidezko elkarrizketa batetik abiatzen den. Martxoaren 16an, bi dokumental ikusteko parada izango da: Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Josu Martinezen Jainkoak et dit barkatzen. Amaitzeko, martxoaren 17an, Kimuak programako film laburrak aurkeztuko dituzte.  Emanaldietan filmen egileek parte hartuko dute.