Planetako 3.800 milioi pertsona interneten daude; hots, humanitatearen %51. Aurreko urtearekin alderatuta, internetera sarbidea duen jende kopurua %6 hazi da. Igoera horren ondorioz, internet aldatzen ari da. Halere, hazkunde hori moteltzen ari da, eta Txina eta Asia sarearen lider argiak izanagatik ere, Asia eta Afrikako zati azko deskonektatuta jarraitzen dute.

Datuok Mary Meeker analistak bildu ditu, 1995az geroztik egin ohi duen Interneteko Joeren Urteko Txostenean. Dokumentu hori internauten hainbat jokabide aztertzeko erabiltzen da, bai eta ekonomia digitalaren hazkunde-bektoreak aztertzeko ere. Hala, Meeker interneteko “erregina” dela esan ohi da, erabilera-ereduetan sentimendu eta eraldaketak jasotzeko duen gaitasunagatik.

2019ko txostenean, besteak beste, nabarmendu du merkataritza elektronikoa geroz eta garrantzitsuagoa dela, eta munduko txikizkako merkataritzaren %15 hartzen duela. Igoera hori ere mantsotu bada ere, merkataritza tradizionalak baino joera hobea erakusten du.

Interneten jarritako publizitateak ere gora egin du; esaterako, AEBetako konpainiek 100.000 milioitik gora inbertitu dute. Facebook eta Google dira iragarki horien hartzaile nagusiak, baina Twitter eta Amazon ere ondo kokatzen ari dira. Publizitate hori funtsezkoa bihurtzen ari da konpainiek erabiltzaile berriak irabaz ditzaten.

Meekerrek egindako txostenean jasotzen denez, bideo-jokoen jokalariek nabarmen egin dute gora, 2.400 internauta baino gehiago aritzen dira esparru horretan, %6ko igoera. Bideo-jokoak, gainera, esperientzia sozial bihurtzen ari dira. Horretaz gainera, Fornite eta antzeko jokoek milioika jokalari bildu ez ezik, sekulako audientziak lortzen dituzte.

Horrekin batera, bi joera nabarmentzen dira nagusiki: batetik, bideo-zerbitzuen gorakada, batez ere formatu laburrean, hain zuzen, Instagram eta Facebooken istorioak. Zerbitzu horien kontsumoa bikoiztu egin da azken urtean. Horren ondorioz, testuaren presentziak eta garrantziak behera egin dute. Egoera hori irudikatzeko, Kevin Systrom Instagrameko sortzaileetako baten aipua baliatu du Meekerrek: “Hizkuntza piktorikoaren bidez hasi ginen humanook komunikatzen, eta orain, horretara bueltatzen ari gara”.

Bestetik, Meekerrek azpimarratu duen bigarren joera nagusia da sarea geroz eta heterogeneoagoa dela. Joera hori azken urteotan ere nabarmendu egin da, baina geroz eta argiagoa da: internet ez da gauza bera erabiltzaile txinatar, britainiar edo argentinar batentzat.

Hala, sarearen esperientzian erabiltzen ditugun tresnak aldatu egiten dira lurraldearen arabera, arrazoi politiko, ekonomiko eta sozialak tarteko. Horrek esperientzia paraleloak eta hainbat erabilera-eredu eragin ditu. 3.800 milioi internauta daude, baina haien arteko loturak geroz eta ahulagoak dira.