Munduan kode irekiko makina bat proiektu lanean ari dira jo eta su erlojuaren aurka ekipamendu kritikoak fabrikatzeko asmoz, tartean, arnasgailu artifizialak.
Munduko osasun sistemak sekulako estresa jasaten ari dira COVID-19 birusaren hedapena tarteko. Hala, Zainketa Intentsiboetako Unitateak, esaterako, gainezka daude. Egoera larri horren aurrean, munduan kode irekiko hainbat proiektu gogor ari dira lanean nabarmen urritzen ari diren osasun dispositibo eta ekipamendu kritikoak fabrikatzeko asmoz, tartean, arnasgailu artifizialak, betiere, kolapsoa ekiditeko helburuarekin.
Bada, kode irekiko konponbide teknologikoetatik abiatuta, ekimen horien sustatzaileak informazioa partekatzen ari dira, eta lanean dihardute erlojuaren kontra, ospitaleek eskatzen duten ekipamenduaren ekoizpena handitzeko xedearekin. Ingeniariak, ekintzaileak, ikerlariak, unibertsitateak… hainbat lagun ari dira elkarlanean sare sozialen bidez.
Kontu garrantzitsuenetariko bat materialak aurkitzea da inprimagailuek osagai horiek egin ditzaten, arnasgailuak sinpleak baitira. Haien alderik sofistikatuena erabiltzen duten softwarea da, eta aparatu guztientzat araudi unibertsala dago.
Esaterako, Facebookeko Open Source COVID19 Medical Supplies taldean, zeinak 21.000 kidek parte hartzen duten, sekulako jarduna dago, eta minuturo ekarpen berriak egiten dira. Foro horretan hainbat gai jorratzen dira: nola fabrikatu maskarak edo arnasgailu artifizialek erabiltzen dituzten zenbait balbula nola inprimatu. Azken osagai hori oso ezaguna egin da Italiako Brescia hirian, FabLab-en sortzaile Massimo Temporellik 3D inprimagailu bat eramateko eskatu baitzuen osasun zentrora, faltan zeuden osagai horiek fabrikatzeko. Hala, ordu gutxi batuk igarota, dozena bat pazientek arnasa hartzeko aukera izan zuten hiru dimentsioko teknologiari esker.