Tik Tok plataformak itsusien eta pobreen irudien hedapena mugatzeko eskatu zien bere moderatzaileei. Bideo-plataformak dio jazarpen-kasuak saihesteko egin zuela, eta jarraibideak ez daudela indarrean.

TikTokek ez du baimentzen material pornografikoa hedatzea; armekin agertzen direnen kontuak ixten ditu, jostailuzkoak izan ezean;  eta portaera arriskutsuei buruzko irudiak argitaratzen dituzten kontuak blokeatzen ditu egun batez, esaterako, eskuan laban batekin dantzatzea. Sare sozial handietako edozeinek bezala, Txinako plataformak debekatu egiten ditu zenbait eduki, batez ere hilean 800 milioi erabiltzaile baino gehiago biltzen dituen foro batean. Horietatik %41 16 eta 24 urte bitartekoak dira.

Halaber, neurriak hartu ditu erabiltzaileek partekatutako zenbait  irudimezabatzeko edo ez sustatzeko; tartean, gorputz “anormalak”, “aurpegiko adierazpen itsusia”, hortzik eza, “zimur gehiegi” dituzten adineko pertsonak, orbain nabarmenak, eta deformazioak.. AEBetako The Intercept hedabideak argitaratutako  dokumentuen arabera, horrela jasotzen TikTokeko moderatzaileak trebatzeko gidetan.

Dokumentuek, halaber, landa-inguruneak ezabatzeko eta haien irismena mugatzeko gomendioa ere jasotzen dute, bai eta dekoratu zaharrak, desordenatuak eta hondatuak dituzten argitalpenak ere. Horrek guztiak edukiak moderatzeko estrategia bat osatzen du. Estrategia hori zalantzan jarri da behin baino gehiagotan; esaterako, iaz, ageriko ezgaitasunak dituzten erabiltzaileen argitalpenen irismena mugatzeko politika zabaldu zuen TikTokek.

Txinako plataformaren arabera, The Intercepten aurkeztutako arau gehienak ez dira jada erabiltzen, edo, kasu batzuetan, ez dira inoiz indarrean egoan. Bai orain, bai urritasuna duten erabiltzaileek sortutako edukiei aurre egiteko neurri-politikak agertu zirenean, TikTokek adierazi du asmoa ez dela kalterik eragitea, talde horiek balizko jazarpen-egoeretatik babestea baizik.

Hala ere, bullying-a saihesteko ustezko asmo hori ez da agertzen dokumentuetan, eta eduki “erakargarriak” eta “sofistikatuak” beren gomendio-kanaletan erakusteko beharra baino ez dute aipatzen.

Egoera horren ondorioz, AEBetako TikTokek jakinarazi du moderaziorako eta datuen praktiketarako gardentasun-zentro bat abiatuko duela laster. Horrekin batera, eta The Intercept hedabideak dokumentu horiek argitaratu baino bi egun baino lehenago, iragarri zuen teknologia, zuzenbidea, buruko osasuna eta komunikazioan adituak diren kideekin osatutako edukien laguntza-batzorde eratu duela.

Antzeko gatazkak gertatu dira iraganean beste sare sozial handi batzuekin ere; esaterako, duela bi urte Tumblr sareak aldaketa bat egin zuen moderazio-politiketan helduentzako argitalpenak mugatzeko asmoz, baina era berean, LGBTQ kolektiboaren adierazpenak ikusezin bihurtu zituen, talde horrentzat tradizionalki espazio segurua izan zenean. Eta urtebete lehenago Facebook-ekin ere gertatu zen, gorroto-diskurtsoa detektatzeko algoritmoak gizon zuriak babesten zituela ikusi zenean, beste kolektibo ahulago batzuen kalterako.