Blogetan! lehiaketaren hirugarren edizioa itxi duen jardunaldiaren bideo-laburpena argitaratu berri dugunean, jada bestelako egitasmoak abiatzeko prest gaude. Hala, maiatzaren 22an, Ubuntu sistema eragilearen inguruko ikastaroa izango dugu, Euskararen Etxean, Bilbon: Ubuntuk ahalbidetzen du gure ordenagailuetan software librea erabiltzea. Ikastaro horretan izena emateko epea zabalik da.
Ubunturi buruzko ikastaroa Azkue Fundazioak ondu ohi duen Ikastaro Teknologikoen egitarauaren baitan dago; ekainaren 12an, hain justu, beste ikastaro bat izango dugu, podcast-ari buruzkoa. Ikastaro hori aurtengo bosgarrena izango da, eta horrekin urteko lehen ikastaro-zikloa amaituko da. Bigarren seihilekoan, halere, berriro egingo ditugu, baina trinkoak izan ordez, bi egunetan burutuko dira: asteazken eta ostegunetan, 4 ordu, arratsaldez. Doakoak dira.
Podcast-aren harira, nabarmendu behar dugu Zuzeu Orainkariak abiatu duen 10 minututan podcasta babesten dugula. Podcast hori Maite Goñik zuzentzen du, eta teknologia eta hezkuntza lotzen ditu; hain zuzen, guk jorratzen ditugun bi esparru.
Martxan dagoen eta Azkue Fundazioak babesten duen beste egitasmoetako bat Gaztezulok ondutako X. Bideo Lehiaketa da. Lehiaketa horren sari-banaketa Euskararen Etxean egingo da, ekainean. Azkue Fundazioaren xedeetako bat euskaraz egin eta sarean zabaltzen diren ikus-entzunezko materialak sustatzea da.
Aste Santuan, halaber, Youtuber lantegiak antolatu ditugu Bilboko Udalarekin elkarlanean. Aurten ere, oso harrera ona izan du Btuber izeneko egitasmo horrek gazteen artean, plaza guztiak bete baitira. Hori dela eta, ekainean, Bilboko gazteei eta Bilboko ikastetxeei zuzendutako lantegi berriak eskainiko ditugu.
NOBEDADEAK
Youtuber lantegiok, gainera, Bizkaiko zenbait udalerrietara zabaltzeko asmoa dugu, horren inguruan baina, oraindik ezin dugu gauza askorik zehaztu, proiektua lantzen ari baikara. Dena dela, gure asmo udazkenean egitea da.
Udazkenean, halaber, Bizkaiko udalerri batean egitasmo berezi bat burutuko dugu: nerabeei zuzendutako kultura digitalaren gaineko jardunaldi bat, euskarazko kultura digitala sustatzeko asmoz. Honen inguru xehetasunak ere laster iragarriko ditugu, egun egitasmo garatzen ari baikara.
Gazteak gure egitasmo askoren hartzaile nagusiak dira, eta ahalegina egiten dugu eremu digitalean euskara erabil dezaten. Horrekin lotuta, iaz Jokoteknia I. Euskal Bideojoko jardunaldia ondu genuen Game Erauntsia elkartearkin lankidetzan. Bada, aurten ere, bideojokoei lotutako beste ekintzaren bat egiteko asmoa dugu, oraindik zehazteke dagoena.