GureGipuzkoa gunean zegoen Niessen argazki-bilduma Commons-en jarri du Euskal Wikilarien Elkarteak, cc-by-sa lizentzia irekia tarteko. Niessen lantegiaren 100 urteko ibilbideari buruzko 998 irudi biltzen dira bilduma horretan.
“Guillermo Niessen alemaniarrak zabaldu zuen lantegi hau 1914. urtean Errenterian. Etxean erabiltzeko tresna elektromekanikoak ekoizten zituzten, entxufeak, etengailuak, lanpara-euskarriak eta antzeko gailuak. 70. hamarkada bitarte, familia-enpresa izaerari eutsi zion, lehenbizi Errenteriako erdigunean kokatutako lantegian eta ondoren Oiartzunen. 1996. urtean ABB multinazionalaren barruan sartu zen”.
Horrekin batera, eta Elhuyarrekin burututako elkarlanaren ondorioz, irudien deskripzio-testuak automatikoki itzuli eta elebitan daude eskuragarri; lehen gaztelaniaz baino ez zeuden. “Lantegiaren eta Errenteriaren 100 urteko historia dokumentatzeko material ederra duda gabe”, azaldu du Wikilarien Elkarteak.
Artikulu osoa, Euskal Wikilarien Elkartearen blogean.