Konfinamenduaren, telelanaren eta oro har COVID-19 birusak eragindako egoera larriaren ondorioz, gure lehentasunak eta ohiturak aldatzen ari dira, eta Internet aldaketa handi horren bitarteko eta kanal nagusia da. Ondorioz, kontsumoak ere gora egin du nabarmen, eta etxeko routerrak hazkunde hori pairatzen ari dira, eta askotan motel doaz edo huts egiten dute. Bada, honatx zure routerraren bidez kontratatutako konexioaren %100 kontsumitzeko trikimailu batzuk.
Ondo kokatu routerra
Aintzat hartu beharreko lehenengo kontua routerraren kokapena da, konektibitatea etxe guztira zabal dadin. Hainbat oztopo daude, eta oztopo horien ondorioz konexioa erdira jaitsi daiteke. Aukera onena etxebizitzaren erdigunean jartzea da, esaterako, egongelan, eta ez izkina edo txoko batean, routerrak datuak norabide guztietan bidaltzen baititu. Hormak oztopo nabarmena dira, bai eta hainbat material ere, harria, marmola, porlana eta adreilua, zeintzuk egungo etxebizitza guztietan dauden. Azkenik, aparatuak antenak balitu, posizio ezberdinetan jarri beharko lirateke, hainbat gune hartzeko.
Aukeratu bandarik onena
Operadoreek egun bi banda eskaintzen dituzte: 2.4 GHz, 50 eta 60 Mbps arteko abiadurak, eta 5 GHz, azkarragoa, 900Mbps ingurura irits daitekeena. Lehenengoak interferentzia gehiago ditu, dispositibo gehiago konektatzen direlako eta zaharragoa delako. Horrekin batera, kanal gutxiago ditu; beraz, dispositiboak borrokan aritzen dira gelditzen den espazio txikia hartzeko. Bigarrena azkarragoa da, kanal gehiago eta interferentzia gutxiago ditu, baina estaldura maila txikiagoa dauka, eta arazo gehiago oztopoak gainditzeko. Laburbilduz, estaldura garrantzitsua denean (mugikorrak, tabletak…), 2.4GHz erabili, eta abiadura lehenetsi behar denean (mahaiko ordenagailuak, bideo-kontsolak…), 5 GHZ.
Saihestu interferentziak
Badira interferentziak eragiten dituzten hainbat gailu gure etxeetan, batez ere 2.4 GHz banda erabiltzen dugunean; tartean, mikrouhin-labea. Beste gailu batzuk hauexek dira: umeak zaintzeko kamerak, kablerik gabeko telefono finkoak, web bidezko zaintza-kamerak edo Gabonetako argiak. Altzariak ere arazo bihur daitezke; esaterako, metalezko altzariak eta kristala (neurri txikiagoan). Altzarien kokapena funtsezkoa izan daiteke estaldura on bat izateko.
Adi Wifi errepikagailuekin
Dena dela, gure etxebizitza txikia bada, ez dugu arazorik izango estaldurarekin, baina etxe handi batean bizi bagara –ez da ohikoena-, Wifi errepikagailuak erabili beharko dira estaldura bermatzeko. Errepikagailuok Wifi seinalea anplifikatzen dute. Halere, badira aintzat hartu beharreko zenbait kontu abiadura ez murrizteko: errepikagailu merkeek interferentziak handitzen dituzte, eta ez badute routerraren abiadurarik handiena eskaintzen, ez da kontratatutako banda guztia baliatuko. Kasu horretan egokiena Wifi sare bat muntatzea da, router nagusiarekin eta bere sateliteekin.
Berrabiarazi routerra
Zerbitzu teknikoek gomendatzen duten aukera erraz eta sinpleena da. Tontakeria dirudi, baina berrabiarazterakoan, konexioa arindu daiteke. Beste aukera bat Googleren DNSak konfiguratzea da, betiere abiadura handitzeko asmoz.
Parasitoak sarean
Ondoko auzokidea zure konexioaz baliatzen denean gertatzen da, zure konexiora konektatu eta dirutxo bat aurrezten duenean hilero, zure kontu. Lapurreta hori gauzatzeko hainbat tresna daude, besteak beste, Wireless Network Watcher eta Fing (Android eta iOS). Egoera horren aurrean egokiena routerraren pasahitza aldatzea da, eta zure sarearen izena ezkutatzea routerraren konfigurazioren bidez.
Dispositibo ustelak
Kasu batzuetan, software akatsen ondorioz, dispositibo batzuk toxiko bihurtzen dira. Hori dela eta, behar duten baino kanal gehiago hartzen dute. Kasu horretan dispositiboaren konexioa mugatu beharko litzateke routerraren aukeren bidez. Dispositibo horiek konektatzerakoan, routerraren abiadura nabarmen mantsotzen da.