English da gehien ezagutzen den erabilera informatikoko interfaze horren arduradunetako bat. William English ingeniari estatubatuarra, informatikan aitzindaria 1968. urtean ordenagailuetarako saguaren asmatzailea izateagatik, uztailaren 26an hil zen 91 urte zituela, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez. Bill English ordenagailu modernoaren aitzindari izan zen, Douglas Engelbart lankidearekin batera.
1950eko hamarkadaren bukaeratik, Douglas Engelbart ingeniariarekin elkarlanean aritu zen English, SRI International konpainiarentzako ordenagailu-eredu berri bat garatzeko asmoz. Eredu hori, espezialistek ez ezik, ezagutza teknikorik ez zuten pertsonek ere erabil zezaketen.
Englishek, besteak beste, sagua asmatu zuen 1968an. Erabilera informatikoko interfaze horrek ordenagailuen erabilera erraztu zuen, saguarekin eta kurtsorearekin konbinatutako ikus-interfazea erabiliz. Elementu hori orokortu egin zen, eta gaur egun ere erabiltzen da.
English eta Engelbart ordenagailu pertsonalaren aitzindariak izan ziren, gaur egun ezagutzen dugun moduan; izan ere, garai hartan, adituek baino ez zituzten erabiltzen ordenagailuak lanean. Hala, irtenbide bat aurkitu zuten hain aurreratuak ez ziren erabiltzaileek makinen kontrol handiagoa izan zezaten.
Ordenagailurako saguaren ideia sortuko zuen proiektua askoz ere asmo handiagokoa izan zen. Engelbartek etorkizuneko ordenagailua irudikatu zuen: gauza guztietarako balioko zuen makina bat, eta makina horrekin kurtsore bidez kontrolatuko irudien bidez erlazionatuko ginatekeen. Engelbart 2013an hil zen, 88 urte zituela, eta hamarkada batzuk lehenago asmatu zuen ordenagailu modernoa izango zena.
Englishek irtenbide praktikoa eta ulergarriagoa eman zien Engelbarten ideiei, eta, beraz, bikotea da The Mother of all Demos deitu zioten erakustaldi praktikoaren erantzuleak: sagu baten, testu-editore baten eta hipertestuaren oinarrizko forma baten (Internet, orrien egitura) funtzionamendua. Hori guztia, 1968an gertatu zen, saguak eta Internet zabaldu baino hamarkada batzuk lehenago.
English Kaliforniako San Rafael hiriko (AEB) ospitale batean hil zen joan den uztailaren 26an, Roberta emazteak iragarri duenez, arnas arazo baten ondorioz.