Hauek dira ecommerce-aren erraldoiak asko eta azkar gastatzeko erabiltzen dituen trikimailuak: portaeraren ekonomia, psikologia eta algoritmo bat gomendio pertsonalizatuetarako.
Bada, gida txiki honen xedea da Amazonek erabiltzen dituen trikimailu nagusiak zehaztea, kontsumitzaileak erosketa-prozesuaz jabe daitezen.
Eskasia-sentsazioa
Amazonek argi erakusten du produktu jakin baten zenbat ale geratzen diren stockean. Horrek merkantziaren balioa handitzen laguntzen du, eta “gutxi geratzen badira, ona da” logikara eramaten du kontsumitzailea.
Hala ere, arrazoibide guztiz subjektiboa da, eta, gainera, seguru asko, produktu bera, edo oso antzekoa, aurkitu ahal izango da Amazonen bilatzailea erabiliz gero.
Alde batetik, stockaren adierazlea gardentasun-ariketa bat da, baina era berean, erabiltzaileak bultzatzen ditu erostera; izan ere, artikulu gutxi geratzen badira, jasotako balioa handitu egiten da.
Erabiltzailea presatu
Interneten produktu bat saltzeko gakoetako bat bezeroari presa ematea da. Erosketa-prozesua zenbat eta bizkorragoa eta errazagoa izan, orduan eta aukera handiagoa egongo da salmenta behar bezala egiteko.
Aldiz, erosketa-prozesua motela, aspergarria edo nahasia bada, erosleak bi aldiz pentsatzeko aukera izango du. Hala, atzera egingo du edo erosketaz ahaztuko da, beste edozerk entretenitu duelako.
Amazon benetako aditua da presa ematen. Flash eskaintzen (prezioaren ondoan atzerako kontaketa bat erakusten du) eta berehalako erosketako botoien bidez lortzen du.
Lehen, Amazonek artikulu bat saskian sartzeko aukera ematen zizun. Saskian sartutakoan, bertan bildutako produktuak berrikusteko aukera eskaintzen zuen, dena ondo dagoela egiaztatzeko asmoz. Berehalako erosketaren botoiaren bidez, urrats horiek guztiak desagertu egin dira, eta nahikoa da berrespen erraz bat egitea.
Deskontu faltsuak
Deskontuak munduko trikimailu komertzial zaharrenetakoak dira. Amazonek, ordea, beste maila batera eraman ditu: “Eguneko eskaintzak” eta “flash eskaintzak” kategoriez gainera, Amazonen webguneak produktuen prezioak modu bitxian erakusten ditu; hain zuzen ere, azken prezioak zuzenean adierazi ordez, kategoriatan banatzen ditu: Prezio gomendatua (ustez saldu beharko litzatekeen prezioa), azken prezioa (produktu batengatik ordainduko duena kontsumitzaileak) eta “aurreztu” (bien arteko aldea, eurotan zein ehunekotan adierazia).
Ez du inon adierazten produktu horietan deskontua ezarri dela edo haien prezioa jaitsi denik. Hala ere, erosketa adimentsua egiten ari dela uste du bezeroak. Areago, erosleak uste du dirua aurrezten ari dela.
Pertsonalizazioa
Amazonen pertsonalizazio-esperientzia webgunearen arrakasta-giltzarrietako bat da, bere bilaketa-motorra oso konplexua baita: oso azkar bereganatzen ditu eroslearen ezaugarriak eta gustuak.
Amazonen lehen aldiz sartzerakoan, edo ordenagailu edo mugikor batetik cookierik gabe sartuz gero, saioa hasi gabe, nabigazio-historiarik gabe eta VPN bat erabiliz (azken batean, estreinakoz egingo balitz bezala), webguneak erabiltzailearen scroll pixka bat edo klik batzuk baino ez ditu beharko erosketa-esperientzia bakar eta pertsonalizatua erakusten hasteko, produktu jakin batzuekin lotutakoa. Hartara, zerotik hasiz gero, erabiltzaile ezberdinen nabigazioak erabat ezberdinak izango dira.
Amazonen kontu bat dutenek edo Amazonen webgunera terminal beretik etengabe sartzen direnek ikusiko dute orriak behin eta berriz erakutsiko diela (baita Amazonen webgunetik kanpoko iragarkietan ere) zein produktutan egin duten klik. Halaber, ohartuko dira haiek tentatzeko eta erostera animatzeko estrategia bat ere badela.
Funtzio hori erabilgarria da kontsumitzailearentzat, gustatu dakizkiokeen produktuak aurkitzen laguntzen baitio. Bestetik, benetan behar ez duen zerbait inpultsiboki erostera bultzatzen du.
“Review” eta puntuazioak
Produktu batek puntuazio altua eta review asko dituenean, algoritmoak orrialdearen posizio nabarmenean erakutsiko du, erlazionatutako bilaketa baten harira.
Konpainia erraldoiak gantxo gisa erabiltzen duen beste trikimailu bat produktuak berrikustea eta puntuatzea da; hau da, gauzei buruzko esperientziak partekatzea.
Hala ere, berrikusteak ez dira erabat zehatzak, Amazon Txinako ecommerce webak baino fidagarriagoa den arren.
Saltzaile batzuek, esaterako, barra-barra erabiltzen dituzte berrikuspen ordainduak produktuen ospea handitzeko, eta, hartara, webgunearen algoritmoa “hackeatzeko”.
Horregatik, produktu bat erosterakoan, kontuan hartu behar da zenbat berrikuspen eta balorazio dituen, zer herrialdetakoak diren eta, batez ere, erositako produktuari balorazio txarrena eman dioten iruzkinei arreta jarri behar zaie.