Maite Goñi adituak zuzendutako eta Azkue Fundazioak babestutako 10 minututan podcastaren atal berri bat argitaratu du Zuzeu orainkariak: Ikasitakoa erakusteko jarduera digitalak. Goñiren podcastak hezkuntza eta teknologia uztartzen ditu.
Bada, atal berri bat sarean duzue eskuragarri: Ikasitakoa erakusteko jarduera digitalak. “Zein jarduera digital egin ditzakete ikasleek ikasitakoa erakusteko? Galdera horrek erantzun mordo bat izan ditzake. Baina lehenik eta behin komeni da aipatzea, noski, ikasketaren ebidentziaren gaia konplexua dela, normalean ebaluazioari lotuta dagoelako. Eta, ez dago esan beharrik: gaia korapilatsua izan daiteke. Ez da 10 minutuan hitz egitekoa, baina 10 minutuan bai eman ditzakegu ideia batzuk, ohiko azterketa alde batera uzteko edo, behinik behin, beste metodo batzuekin konbinatzeko”.
10 minututan podcastaren aurreko atala ere oso azpimarragarria da, Ikasleen arteko elkarlana ingurune digitalean: “Aurrez aurreko irakaskuntzatik digitalera trantsizioa nola egin azaldu dugu aurreko kapituluetan. Saio honetan, berriz, ingurune digital batean ikasleen arteko elkarlanerako oinarriak nola jarri azaldu eta talde lana gauzatzeko tresnak aurkeztuko dizkizu Maite Goñik. Talde lana hamaika helburu edo bide ezberdinetatik egin daiteke eta aukera bakoitzari doitutako tresna eta aplikazioak ekarriko ditugu gaurkoan. Jarri kaskoak eta entzun!”.
ZuZeuren arabera, “hezkuntza eta teknologia lotzen dituen hariari tiraka azken joerak, aplikazioak eta trikimailuak ekarriko ditu Maite Goñik 10 minututan saiora. Labur bezain zehatz askatuko dizkigu teknologiak sortzen dizkigun korapiloak. Ikasteko garaia da”.