Bukatu da 2021. urteko Digitalizazioaren Hariak egitasmoa. Hala, pasa den abenduaren 10ean, itxiera-topaketa bat egin genuen, online, osasun-larrialdi egoera. Halere, topaketa ez zen guztiz hotza suertatu, berotasun apur bat behintzat jaso baikenuen. Eleizalde Ikastolako, SC Bermeoko, Arozena Barrueta Institutuko ikasle eta irakasleen kontaketek ekarri zuten epeltasun hori. Zeinen ondo azaldu zuten haien lan-prozesua! Hainbat lorpen eta oztopo bizi izan dituzte haien proiektuak gauzatzeko bidean!

itxiera_1

Oso proiektu ezberdinak aurkeztu zituzten ikasleek, prozesuak garatzeko eta lan egiteko ikuspegi ezberdinekin landuak. Alde horretatik, saioa oso aberasgarria izan zen guztiontzat.

Irakasleek oso ondo baloratu zuten Azkue Fundazioaren eta Bermeoko Udalaren aldetik egindako ekarpenak, bai eta ikastetxeetan izan ziren adituen parte-hartzeak ere. Digitalizazioaren Hariak proiektuak eskainitako baliabide eta materialen garrantzia ere azpimarratu zuten. Halere, ikasle eta irakasleek adierazi zuten denbora gehiago behar zutela gai eta baliabide berriak ezagutzeko, besteak beste, 3D inprimagailua eta bideoen ekoizpena eta edizioa. Bidean buruhausteak sortu arren, asko ikasi zutela azpimarratu zuten.

Hala, Digitalizazioaren Hariak egitasmoak eskainitako aukera ondo egokitu zen ikastetxeen egunerokotasunera. Ondorioz, baliabide eta pentsamendu ildo berriak sortu ziren. “Gazteak digitalizazioaz jabetzea eta digitalizazioarekiko jarrera kritikoa garatzea izan zen gure xedea”, azaldu zuten irakasleek.

Saioa hiru zatitan banatu zen: proiektuen aurkezpenak, prozesuaren ebaluazioa, eta, azkenik, Nerea Landajok topaketan gertatutako iruditan jaso zuen, bere kanpoko begirada gurekin partekatuz.

Ikasleek egindako proiektuen nondik norakoak labur jasotzen ditugu ondoko testu eta grafikoetan:

Arozena Barrueta Institutua: eremu digitalean, segurtasunaren eta pribatutasunaren inguruan hausnarketa egin zuten ikasleek bideo sorkuntzaren bitartez. Horretarako hiru esparrutan aritu ziren:

  1. Segurtasuna eta pribatutasuna eremu digitalean, zer den eta nola eragiten dien.
  2. Bideo sorkuntzarako prozesua eta lengoaiaren inguruan ideia bat garatu.
  3. Bideo digitalak editatzeko tresnak erabiltzen ikasi eta oinarrizko gaitasunak eskuratu.

itxiera_4

Eleizalde ikastolan 3Dn diseinatu eta inprimatutako mahai-jokoak sortu nahi izan zituzten, baina topiko batekin egin zuten topo: “arazoetatik asko ikasten da…”. Izan ere, hainbat arazo izan dituzte 3D inprimagailuarekin. Haatik, arazoei aurre egitea ikasketa ere bada, beraz, egun, adituak dira diseinuan eta fabrikazio prozesuan. Horretarako zenbait gauza ikasi behar izan dituzte:

  1. Jokoen dinamikak eta sorkuntzarako teknikak.
  2. Diseinua 3Dn.
  3. Diseinuak makinetara egokitu.
  4. Makinak eta materialak ezagutu, mantendu eta fabrikazio fluxuak kudeatu.

eleizalde

Sagrado Corazón: Aurretik lantzen ari ziren egitasmo bat nola lotu Digitalizazioaren Hariak-ekin izan zen euren buruhauste handiena: First Lego League (FLL) deialdian parte hartzen dute urtero, eta bi modutan lotu dute Digitalizazioaren Hariak proiektuarekin:

  1. FLL berrikuntza proiektuaren baitan, ikasleek euskaraz ikertzea sustatu dute. Horretarako EusKoin txanpona sortu zuten. Hala, euskaraz ikertzen zuten ikasleek txanponak irabazten zituzten.
  2. FLL proiektuan eraiki behar zuten gailua 3Dn diseinatzeko eta fabrikatzeko bidea eskaini dire Digitalizazioaren Hariak egitasmoak.

itxiera_2

Digitalizazioaren Hariak proiektuaren gainean gehiago sakondu nahi izanez gero, gordailu bat sortu dugu non pixkanaka emaitzak partekatzen joango garen: https://haritulab.eus/digitalizazioaren-hariak/

2022. urtean, Digitalizazioaren Hariak proiektua Bizkaiko beste udalerri, eskualde edo mankomunitatera zabalduko da. Lanean dihardugu.