Xare egitasmoak Azkue Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren eta Barakaldoko eta Portugaleteko Udalen laguntzaz antolatzen duen proiektuaren helburua bikoitza da: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea.

  • Martxoaren 29an eta 31n Clara Campoamor Zentro Zibikoan izango den bi eguneko jardunaldian, Barakaldoko, Portugaleteko eta Santurtziko 7 ikastetxetako 382 ikaslek hartuko dute parte; Batxilergoko 1go mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 1go mailakoak. 
  • Zentro Zibikoaren hainbat espazio beteko ditu egitarauak: 8 lantegi praktikok osatuko dute Ikas Aretoa deritzona. Era Aretoan, berriz, 2 hitzaldi interaktibo izango dira. Eta Jolas Aretoa deiturikoan, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partidan lehiatzeko aukera izango dute gazteek. 
  • Iurdana Acacuso Azkue Fundazioaren zuzendaria; Nerea Cantero Gurtubay Barakaldoko Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko Zinegotzi Ordezkaria; eta Koldo Núñez Fernández Portugaleteko Euskararen Sustapena eta Erabilerarako Zinegotzia martxoaren 29ko nahiz 31ko saioetara hurbilduko dira Clara Campoamor Zenro Zibikora, 09:00etan Auditorioan gazteei ongietorria egin eta jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitzeko. 
  • Barakaldoko saio honek segida emango dio 2022/2023 ikasturtearekin batera abiatu zen Xare Izan ere, iragan abenduaren 22an proiektuak Gasteizen egin zuen geldialdia; hilabete horren beraren hasieran Donostian izan zen; eta, lehenago, urriaren 13an eta 14an, Iruñean antolatu zuten, Baluarte Jauregian, Sarean Euskaraz izenpean. Barakaldoko hitzordua ere kontuan hartuta, orotara, ia 2.700 ikaslerengana iritsi da ekimena. 

Datorren martxoaren 29an eta 31n, Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoa Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) gune garrantzitsu bihurtuko da. Xare egitasmoaren hitzordu berri honetan ere, gazteak izango dira protagonista, Barakaldoko, Portugaleteko eta Santurtziko 7 ikastetxetako 382 ikaslek hartuko baitute parte; Batxilergoko 1go mailakoak izango dira batzuk, Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 1go mailakoak beste batzuk.

Egoitzak hiru gune hartuko ditu: IKAS Aretoa, ERA Aretoa eta JOLAS Aretoa. Hala, goizeko 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatzeko aukera izango dute. 

Xare egitasmoak berak sustaturiko ekimena da, Azkue Fundazioaren eta Barakaldoko nahiz Portugaleteko Udalen laguntzaz antolatua. Horregatik eta ekimenaren aldeko konpromiso instituzionalaren froga gisa, erakunde babesleen ordezkari bana hurbilduko da  bi saioetara: Iurdana Acacuso Azkue Fundazioaren zuzendaria; Nerea Cantero Gurtubay Barakaldoko

Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko Zinegotzi Ordezkaria; eta Koldo Núñez Fernández Portugaleteko Euskararen Sustapena eta Erabilerarako Zinegotzia.

9:00etan ongietorria egingo diete gazteei Auditorioan, eta jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraituko dituzte.

Egitarau praktiko eta dinamikoa

 > IKAS aretoan, gazteek 8 lantegi praktikotan trebatzeko aukera izango dute.

  • ‘Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak’ – Dj Makala.
  • Bideo mappinga; errealitatea areagotzen proiekzioak objektuen geometrietara doituz’ – Elurmaluta.
  • ‘Appinventor. Android mugikorrentzako aplikazioak sortzeko oinarrizko ezagutza’ – Talaios.
  • Errealitate birtuala’ – Protomakers.
  • ‘Arduino; hardware aplikazioetako hizkuntza eta aukerak’ – Protomakers.
  • ‘3D inprimagailuak’ – Protomakers.
  • ‘Gamer gela’ – Game Erauntsia.
  • ‘Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago’ – Oier Fuentes.

 

> ERA aretoan, 2 hitzaldi labur eta dinamikotan parte hartuko dute.

 ‘Pribatutasuna Sarean’ – Maider Likona informatika ingeniaria, Gisa elkartea.

  • Sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta honen ondorioez jardungo dira.
  • ‘Harremanak 3.0: like bat eman’ – Ane Ortiz sexologoa.
    Esparru digitaleko harreman afektibo-sexualen eredua aztertzeko, eta arriskuak gutxitzeko edo ekiditeko baliabideak jorratuko dituzte.

 

> JOLAS aretoa da aurtengo berritasun nagusia.

Aurtengo edizioak euskararen eta IKTen inguruko esperientzia ludikoa indartu nahi du. Horretarako, besteak beste, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea proposatuko diete gazteei.

 

img-6333

 

Gazteak, euskara eta IKT

 Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira Xare ekimenari izaera ematen dioten hiru ardatzak. Euskarak etorkizun bizia eduki dezan ezinbesteko bihurtu baita gazteak euskarazko kultura digitalean trebatzea, are gehiago pandemiak IKT berrien garrantzia eta digitalizazio prozesuak bizkortu dituen honetan.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea dira Xare egitasmoak berak sustatu eta Azkue Fundazioaren eta Barakaldoko nahiz Portugaleteko Udalen laguntzaz antolatutako Xare proiektu estrategiko honen helburu nagusiak. Besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta gazteen artean horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere. Eta, batez ere, parte hartzaileek ongi pasatu dezaten nahi dute antolatzaileek, gazteek euskarazko teknologia berriez goza dezatela, esperientzia ludikoa izan dadila.

Ia 2.700 ikaslerengana

Barakaldoko hitzorduak segida emango dio 2022-2023 ikasturtearekin batera abiatu zen Xare jardunaldi-zikloa. Iragan abenduaren 5ean eta 9an Donostian egin zuen geldialdia bertako Udalaren Euskara Zerbitzuak bultzatuta. Abenduaren 22an Gasteizen izan zen, Arabako hiruburuko Udalak babestuta. Eta, lehenago, urriaren 13an eta 14an Iruñeko Baluarte Jauregiak hartu zuen ekimena, kasu horretan Sarean Euskaraz izenpean. Hiru hiriburuetako eta Barakaldoko hitzorduak kontuan hartuta, orotara, ia 2.700 ikaslerengana iritsiko da ekimena 2022-2023 ikasturte honetan.

img-6334