Gaitu proiektuak euskarazko ahotsak grabatzeko kanpaina abiatu berri du, Batu ditzagun gure ahotsak lelopean, teknologiei euskara irakasteko asmoz. Hartara, euskal hiztunei eskatu diete gaitu.es atarian sartzeko haien ahotsa grabatzeko. Teknologia berriei euskaraz irakasteko kanpaina gaur aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Donostiako Tabakaleran.
Hala, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera dago webgunean, ozen jasotzen den bitartean. Behin burututa, webguneak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari. Horrekin batera, beste hiztun batek grabatutako esaldi bat balioztatu ahalko du erabiltzaileak.
Hori guztia egingarria da Common Voice izeneko nazioarteko ekimenari esker. Proiektu irekia, irabazi asmorik gabea eta kolaboratiboa da. Dagoeneko, 105 hizkuntza ari dira Common Voice-n.
“GAITU”
Common Voice proiekturako euskarazko ahots-corpusa sortzen laguntzeko helburuarekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) GAITU proiektua sortu du. GAITU proiektuaren bidez, Mozilla fundazioak martxan jarritako Common Voice ekimena elikatuko da. Horrela, euskarak testuinguru digitalean dagokion presentzia izango du, teknologia arloan duen erabilgarritasuna finkatuko du eta erabilera-eremuak handituko ditu.