• Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak Memeka lehiaketaren 2025eko edizioa martxan jarriko dute urriaren 1ean. Memeak sortuz gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu. 15 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta, lehiaketa honek gazteak euren sormena euskaraz adieraztera gonbidatzen ditu, memeka.eus plataforma digitala erabiliz. 
  • Proiektu honen helburua ez da soilik gazteei entretenimendurako gune bat eskaintzea, baita plataforma digitaletan euskararen erabilera aktiboa sustatzea ere, modu dibertigarri eta erakargarrian. 
  • Memeka.eus plataforma euskarazko memeen sorkuntza errazteko diseinatuta dago: erabiltzaileek irudi garbiak eskuratu, eta nahi duten testuak txertatu ahalko dituzte. 
  • Lehiaketa urriaren 1ean hasiko da eta memeak aurkezteko epea azaroaren 7an amaituko da. Azaroaren 10etik 16ra bozkatzeko epea izango da eta meme irabazleak azaroaren 17an iragarriko dira. 
  • Bi sari emango dira: webgunearen bidez bozka kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bata, 200 euro, eta Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bestea, 150 euro. Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.

Interneteko kulturan, memea umorezko mezu sinplea da, zabalkuntza handi eta azkarrekoa, eta, gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten nahasketa satirikoan oinarritzen dena.

Memeak komunikazio bitarteko eta elementuak dira gazteentzat, eta bereziki, sare sozialen eta mezularitza programen bidez partekatzen dituzte, euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo besterik gabe, lagunekin dibertitzeko. Umorea, satira, ironia… lantzen dituzte gazteek bitarteko grafikoen bidez, eta hizkuntza funtsezko elementua bilakatzen da jolas horretan.

Memeka lehiaketa gazteek euskara ingurune digitalean erabiltzeko aukera paregabea da, beraientzat entretenigarria eta dibertigarria den edukia sortzen dutelarik. Aldi berean, ekimen honek agerian uzten du euskal hizkuntzak eta kulturak aro digitalean garrantzitsuak eta zirraragarriak izaten jarrai dezaketela.

Memeak egiteko, gazteek irudi garbiak eskuratu ahal izango dituzte www.memeka.eus webgunean, eta gero, irudiotan testuak txertatu. Letra tipoaren kolorea eta mota pertsonalizatzeko aukera ere izango dute; irudiaren gainean erabiltzeko eranskailu (sticker) ezagunak ere izango dituzte eskura. Memeak argitaratuz gero, Memeka webguneko katalogo orokorrean kontsultatu eta erabili ahal izango dituzte gainerako erabiltzaileek.

Lehiaketaren ezaugarriak:

  • 15-18 urte arteko gazteei zuzenduta egongo da, beraz, lehiaketan parte hartu ahal izateko, parte-hartzaileak 15-18 urte artean dituela baieztatu beharko du.
  • Memeak sortzeko memeka.eus plataforma erabili beharko da, bertan dauden oinarrizko irudiak erabiliz.
  • Memeen gaia librea izango da, baina memeetan txertatuko diren testuak euskaraz idatziak egon beharko dute.
  • Ez dira onartuko eduki iraingarriak edo errespetuzkoak ez direnak, ezta kalitate-maila nahikorik ez dutenak ere. Memeren bat egokitzat jotzen ez bada, ez da argitaratuko eta lehiaketatik kanpo geldituko da.
  • Lehiaketan parte hartu ahal izateko, parte-hartzaileak 15-18 urte artean dituela baieztatu beharko du.
  • Bi sari egongo dira: Webgunearen bidez bozka kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bata, 200 euro. Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bestea, 150 euro. Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.